Oihan Iriarte Jauregi

«Egindako esfortzuaren emaitza izan da saria eta kontent nago»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 29a, 11:00

Oihan Iriate Jauregi donamariarra Alemanian egindako sari banaketan.

Oihan IRIARTE JAUREGI, Nafarroako Volkswagenen aprendiz hoberena

Volkswagenen akademian ibili da 20 urteko donamariarra, eta ez hori bakarrik, aprendiz hoberenaren saria ere lortu du. Esperientzia aberasgarria izan dela kontatu du.

Ttikitatik argi izan omen du bere pasioa mekanika izan dela, eta horri tiraka, bidea egiten ari da Oihan Iriarte Jauregi (Donamaria, 2003). Berriki Nafarroako Volkswagenen Aprendiz Hoberenaren Saria eman diote. «Ustekabean», baina aldi berean «kontent» hartu du saria, eta ikasten eta prestatzen segitu nahi duela azpimarratu du.

Ttikitatik mekanikaren bueltan... 

Nire pasioa beti mekanikaren mundua izan da. Ttikitatik motorren bueltan ibilia naiz, motor zahar batzuk hartu eta batean gauza bat hautsia zela eta bertzean bertzea, horrela ibiltzen ginen. Geroztik berdin segitu dut. Ikasketetan ere lerro hori segitzen saiatu naiz, eta kontent nago hartutako bidearekin. 

Mekanizazioa eta Mekatronika Industriala zikloak ikasi dituzu... 

Lehenbizi Elizondoko Lanbide Eskolan mekanizazioa ikasi nuen, erdi mailako zikloa, eta ondotik, Berako Toki Ona institutura pasatu nintzen, Mekatronika Industriala goi mailako zikloa ikastera. Garbi nuen mekanikako mantentze lanetan akitu nahi nuela, eta attak lehenbizi mekanizazio ikasteak egitea aholkatu zidan, bertzearen osagarri zela. Hala egin nuen. Goi mailakoa eginda ez nuen garbi ikasten segitu edo ez, eta Volkswagenen akademian sartzeko aukera sortu zitzaidan. 

Nafarroako Volkswagenen Aprendizen Programan parte hartu duzu. Nolatan? 

Goi mailakoa eginda, praktikak Volkswagenen Landabengo lantegian egin nituen. Egia erran ez nuen ideiarik ere akademia existitzen zenik, baina lagun batzueri aditu nien. Praktiketan dagoen jendearen artean, azterketa bat egiten dute sei lagun aukeratzeko, eta sei horiek akademiara sartzeko aukera  dute. Akademian urte bateko master bat bezala egiten da, graduondo bat, eta Volkswagenen instalazioetan sartzeko prestatzen zaituzte. Azterketa egin eta akademiara sartu nintzen. 

Zer moduzko prozesua izan da? 

Mila kontzeptu eta gauza daude, eta fundamentuarekin ari behar duzu, baina nire kasuan, mundu hori betitik gustatu izan zaidanez, ez zait hain gogorra egin. Lanetik atera eta nire aldetik ikasten aritzen nintzen. 

Zer da gehien gustatu zaizuna? 

Teknologia. Harritua gelditu naiz han ikusitakoarekin, ez du deus ikustekorik eskolan edo udan bertze toki batzuetan lanean arituta ikusi dudanarekin. Arrunt interesgarria izan da. 

«Ez nuen inondik inora espero espedienterik hoberenaren saria»

Gainera, espedienterik hoberenaren saria lortu duzu. Espero zenuen? 

Ez nuen inondik inora espero. Akademian badira lau espezialitate: mekatronika industriala, txapa eta pintura, automozioa eta ibilgailuaren mekatronika. Praktikak egindakoen artean, azterketa eginda, espezialitate bakoitzetik sei hartzen dituzte, eta 24 horien artean notarik hoberena lortzen duenari saria ematen diote. Ez nintzen helburu horrekin joan; ahalik eta gehien ikasten eta ahalik eta hobekien lan egiten saiatu nintzen, eta sariak ustekabean harrapatu ninduen.

Zer erran nahi du sariak zuretako? 

Urte hauetan egindako esfortzuaren eta ikasitako guziaren emaitza izan da, eta harrotasun haundi sentitzen dut.

Sariak ateak irekiko ote dizkizu? 

Ez dakit. Oraingoz, suertea izan dut eta Volkswagenen Landabengo lantegian zuzenean mantentze lanetan hartu naute lanean. Normalean, mantentze lanetan hasi aitzinetik, produkziora bideratzen zaituzte, eta gero batetik bertzera  mugitu. Baina nik suertea izan dut. Gerora, zer gertatuko den pentsatzen ez naiz hasi. 

Saria Alemanian hartu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen? 

Ekainean, aste baterako Alemaniara bidali gintuzten, eta arrunt esperientzia polita izan zen. Mundu guziko ikasleak elkartu ginen eta hainbat jarduera egin genituen: Berlin bisitatu, Wolfsburgeko fabrika zentrala ezagutu, museoak... Dena Volkswagenen bueltan. Ez dut inoiz atzenduko. 

Ez dute denek halako programa batean parte hartzeko aukera. Zer gomendio emanen zenuke? 

Egiatan gustatzen zaionari eta ikasten segitu nahi duenari sartzen saiatzeko erranen nioke. Dagoeneko bati baino gehiagori erran diot saiatzeko, badakidalako gustatuko zaiela eta ikasteko aukera ona dela. 

Etorkizunerako zer asmo dituzu? 

Ez naiz luzera begira jarri. Mantentze lanetan segitu nahi dut, eta aukera berriak ateratzen badira, ongi etorriak izanen dira. Baina, oraingoz, akademian ikasitako guzia barneratzeko denbora beharko dut.

Baduzu ikasten segitzeko asmorik? 

Beti izan dut goi mailako bertze ziklo bat edo ingeniaritza mekanikoren bat egiteko ideia buruan. Baina Volkswagenen bertan formazio aunitz daude eta horiek probestu nahi ditut. Ez dut geldirik egoteko asmorik, prestatzen segitu nahi dut. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun