Donamaria bizigarri egiteko herri diagnostikoa eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 28a, 11:00

«Herriarendako etorkizun hobea elkarrekin eraikitzeko» helburuarekin, Donamaria Bizigarri izeneko proiektua paratu du martxan Donamariako Udalak. Herritarrek herrian ikusten dituzten beharrak identifikatu nahi ditu.

Proiektua martxan paratuta, herritarren ideiak, iritziak eta beharrak bilduz, herri diagnostiko parte hartzailea eginen du udalak. Eta bide horretan, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, Canicca enpresa kontratatu du parte hartze prozesua bideratzeko.

Herritarrek zer dioten aditzeko bi saio antolatu ditu udalak. Urriaren 1ean eginen dute lehenbizikoa, Uxarrea auzoko erabilera anitzeko gelan. 18:00etatik 20:00etara, herriaren erronka nagusiak zein diren eta hobetu beharrekoa zer den hartuko dute hizpide.

Bigarren saioa urriaren 15ean eginen dute, hori ere Uxarrea auzoko erabilera anitzeko gelan, ordu berean. Kasu horretan, Zein hobekuntza-proposamen egin dezakegu? Nolakoa da nahi dugun herria? galderetatik abiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun