Julen Kañamaresek irabazi du Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 23a, 20:00

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zuten igandean Uharten. Kañamares txapeldunaren eta Erdozia txapeldunordearen ondotik, hirugarren izan zen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria.

Bigarren izan den Jon Erdoziarekin batera, lehen mailara igoko da eta Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberria hirugarren izan zen

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu dute irailaren 22an, igande arratsaldean Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Arostegiko Julen Kañamares suertatu da txapeldun eta Etxarrai Aranatzeko Jon Erdozia txapeldunorde. Biak mailaz igo eta lehen mailan ariko dira 2025 urtean. Min hartutako Mikel Indakotxea zubietarraren ordez finalean aritu zen Jesus Etxeberria beintza-labaiendarrak osatu zuen podiuma.

Julen Kañamares txapeldunak 21 minutu eta bi segundo behar izan zituen bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat mozteko. Bi minutu luzeko aldea atera zion Jon Erdoziari (23.15). Podiumeko hirugarren koxkarako izan zen lehiarik estuena, segundo bat baino guttiago, 88 ehuneko aldea, izan baitzen hirugarren izan Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria (24.13.03) eta Etarri Aranatzeko Aritz Oiarbideren artean (24.13.91). Iturgoiengo Iosu Santamaria izan zen bosgarren (25.00).

Aipagarria izan zen Jesus Etxeberriaren lana. Abuztuaren 14an Donamarian jokatutako kanporaketan seigarren izan zen, Mikel Indakotxea zubietarretik segundo bakar batera. Berez, finaletik kanpo gelditu zen, baina min hartuta dagoen Indakotxearen ordez aritu zen igandean Uharten. Alde handiarekin boskoteko aizkolari beteranoena zen, baina lan ederra eginez, podiumeko hirugarren koxkara igotzea lortu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun