[GUTUNA]: Saharatik Iturenera

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 22a, 10:00

Udan Saharatik Iturenera etorri diren Uafa, Wanha eta Brahimen izenean, idatzi hauxe partekatu nahi izan du Itziar Bazterrika Arretxeak.

Uafa, Wanha eta Brahim gara, eta Oporrak Bakean programaren eskutik ailegatu ginen arratsalde batez Iturenera, uztailaren 3an zehazki.

Hilabete hasiera ez zen samurra izan. Saharar familiaz aunitz oroitzen ginen, eta ohitura berri aunitz ziren ikasi beharrekoak. Hasieran zeinu bitartez komunikatzen ginen, eta uda akitzerako gaztelera zein euskara pixka bat solastatzea lortu dugu.

Uda desberdina izan da, zoragarria. Batetik bertzera ibili gara gure lagun berriekin. Zenbat abentura herriko plazan, errekan, igerilekuan... Gure uretako mahukatxoekin alde batetik bertzera, hain handia den itsasoa ere ezagutuz!

Baina dagoeneko hilabete pasa da kanpamentuetara ailegatu ginenetik eta gure esker ona adierazi nahi diegu gure familia euskaldunei, familia bilakatu garelako, Baztango Udalari emandako agur goxoarengatik, Saharaztan elkarteari, elkartasun programa honen sostengu sendo zaretelako eta azkenik, Iturengo gazte zein herritarrei. Etxean sentiarazi gaituzue. Eskerrik asko.

Sahara libre!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun