Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa jokatuko dute igandean Uharten

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 20a, 12:00

Donamarian abuztuaren 14an egindako kanporaketan boskote honek lortu zuen finalerako sailkatzea. Eskuinean ageri den Mikel Indakotxea zubietarrak, ordea, min hartu du eta Beitza-Labaiengo Jesus Etxeberria ariko da bere ordez.

Min hartutako Mikel Indakotxea zubietarraren ordez, kanporaketan seigarren izan zen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria izanen da eskualdeko aizkolari bakarra

Irailaren 22an, igandean17:30eanhasita jokatuko da Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Donamarian abuztuaren 14an jokatutako kanporaketan sailkatutako boskotea aritzekoa zen lehian, baina min hartutako Mikel Indakotxea zubietarraren ordez, seigarren izan zen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria ariko da.

Beintza-Labaiengoarekin batera, Jon Erdozia (Etxarri Aranatz), Julen Kañamares (Arostegi), Iosu Santamaria (Iturgoien) eta Aritz Oiarbide (Etxarri Aranatz) ariko dira. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko du. Lehen bi sailkatuak mailaz igoko dira eta 2025ean lehen mailan arituko dira.

Txapelketarekin batera, zerratoki erakustaldia eskainiko dute Peio Kañamaresek eta Oier Kañamaresek eta harrijasotze erakustaldia Ane Zestauk.

Donamariako abuztuaren 14ko kanporaketan eskualdeko bi aizkolari aritu ziren, Mikel Indakotxea zubietarra eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria. Hain zuzen, bi horiek eskaini zuten lehiarik estuena. Finalerako azken txartela ematen zuen bosgarren posturako borrokan segundo bakarreko aldearengatik nagusitu zitzaion zubietarra beintza-labaiendarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun