Bidasoa isuria proiektuan parte hartuko du Erreka eskubaloi taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 20a, 09:00

Pablo Elizondo, Erreka klubeko zuzendari-kidea; Gorka Roma Stade Hendayaiseko presidentea; Jérôme Fernandez; Marie Heguy-Urain (euroeskualdea) eta CD Bidasoako Gurutz Aginagalde, Gorka Wamba, Julen Aginagalde eta Gari Garagarza.

Irungo CD Bidasoa eta Hendaiako Stade Hendayais Handball taldeekin mugaz gaindko kirol eta gizarte arloko hitzarmena sinatu du ortzegunean Irunen

Irungo CD Bidasoa eskubaloi taldeak proiektu berri baten berri eman du ortzegun honetan, Stade Hendayais Handball (Hendaia, Lapurdi) eta Doneztebeko Erreka taldeekin batera, eskubaloiaren bidez pertsonen garapena sustatzeko. Ibaiak banandu gaitzakeen arren, hiru klubek, bidasotarren gidaritzapean, bat eginen dute eta entrenamendu bateratuak, elkarbizitzarako eta ikaskuntzarako jardunaldiak sustatuko dituzte hiru eskualdeetako gazteentzat.

Proiektuaren helburua kirolaren bidez benetako sare bat sortzea da, muga, hizkuntza eta ohituren gainetik. Horrela, CD Bidasoak ezagutza teknikoa, eskualde guztietarako erakargarriak diren ekitaldien irismen soziala eta zabalkunderako gaitasuna emanen ditu; Stade Hendayaisek bere prestakuntza-balioa, eskualdeko klubekin duen lankidetza-sarea eta sare komun bat sortzeko borondatea emanen ditu; eta Erreka kirol elkarteak Nafarroako iparraldearekin lotzeko gunea izanen da, historikoki Bidasoaren arrotik eta Iparraldetik gertuen dagoena.

Hiru kluben artean eskubaloia praktikatzen duten 800 pertsona baino gehiagorengan izanen du eragina proiektu honek.

Bidasoa Isuriaren barruan, hiru ildo bereizten dira: kirol-proiekzioa duten jokalarientzako teknifikazioak (entrenamendu espezializatuak), inplikatutako hiru eskualdeetan eginen direnak; Irunen kirol-ekitaldiak antolatzea, mugaz gaindiko espazioaren ardatza eta Euroeskualdeko eskubaloirako erreferentzia-puntua, Bidasoa Irun pertsonen talde erreferentzia izanen dena; eta CD Bidasoaren jardueren bidez Euroeskualdeko enpresen eta erakundeen arteko lankidetza. Alde horretatik, hiru eskualdeetako enpresen arteko lankidetza bultzatu eta erraztu nahi da, lehen taldeak Artalekun egiten dituen topaketetan jada sortzen diren espazioen bidez. Horrez gain, eskualdeko eremua prestatu nahi da Irungo IAM pabiloi berria hartzeko, 2028rako aurreikusita dagoena, eta mugaz haraindiko bokazioa duena.

Teknifikazio jardunaldiak Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak (euskal eta nafar aldean) eta Jérôme Fernandez Bidasoako enbaxadore berriak (Akitanian) gidatuko dituzte. Bi kirolarien proiekzio profesionalaren ondorioz, erabateko erreferenteak dira Frantzia eta Espainia mailan. Jardunaldi horiekin batera, eskualdeko emakumezkoen eskubaloia garatzea ere bilatuko da, inplikatutako hiru kluben eta ingurukoen artean ekintza bateratuak bilatuz, eta eskubaloiaren bidezko inklusioa sustatuko da, ikuspegi sozial eta inklusiboko eskubaloi-topaketak antolatuz Bidasoaren bi ertzetan dibertsitate funtzionala duten neska-mutilentzat.

 

Bidasoa Isuria proiektua

Izenak proiektuaren buru izanen den CD Bidasoa aipatzen du, baina batez ere Bidasoa ibaia, hiru eskualdeak batzen dituena. Isuriak uraren euskarazko jarioari, mugarik ezari eta ura dabilen lekuetan modu leun baina etengabean iragazkortzeari egiten dio erreferentzia.

Aurkezpenean, Gurutz Aginagalde CD Bidasoako presidenteak azaldu duenez, «klubaren eragin eremua Gipuzkoatik haratago doa, eta aurrerapausoa eman nahi izan dugu. Kirol eta gizarte arloan urratsak ematen jarraitu nahi dugu; Hendaia eta Donezteberekin hasteaz gain, Euskal Herriko, Nafarroako iparraldeko eta Akitaniako beste toki batzuetara iristea bilatzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun