Udari agurra emateko, aurten ere prest dute Joaldunen Eguna Iturenen, Ibintza Kultur Taldeak, Joaldunen Elkarteak eta Inauterietako komisioak antolatutako ohiko egitarau ederrarekin. Irailaren 21ean ospatuko dute, larunbatean. Bazkarirako txartelak irailaren 16ra arte 45 eskura zitezkeen Iturengo Herriko Ostatuan, eta orain, oraindik geldituko balira, 50 ordaindu beharko lirateke. Egun berean ez da txartelik salduko.
Irailaren 21eko egitaraua
Beti bezala, irailaren 21ean, larunbat goizean zehar joaldunek eta trikitilariek beraien ibilbidea eginen dute baserriz baserri eta herrian. 13:30ean herri kirolak izanen dira, berriki Nafarroako Herriz Herri txapelketan parte hartu duten Iruritaren eta Arraiozen arteko proba konbinatua. Ondotik, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariak ariko dira eta bi bertsolari hauek alaituko dute gero, 15:00etan plazan hasiko den herri bazkaria ere. Bazkal ondotik, dantzaldia izanen dute Frantxiskurekin. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, antolakuntza lanetan (karpa jarri eta kendu, mahaiak eta bankuak jaitsi…) herritarren laguntza eskertuko dute.