Nafarroako udal batzuekin elkarlanean, Euskaltzaleen Topaguneak Auzoko Lagunak izeneko egitasmoa antolatzen du, «euskararekin zailtasunak dituzten haurrei eta gazteei euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzeko» helburuarekin. Hain zuzen, halako taldea gidatzeko hezitzaile bila ari da Donezteben.
Astean bi orduko saioak izanen dira, eta irail bukaeratik ekain hasiera arte, hilabetean hamabi lanorduko kontratua eskainiko du Topaguneak.
Lanpostuan aritzeko nahitaezkoa izanen da EGA edo horren baliokidea izatea, eta hori ez bada, euskararen gaitasun proba gainditu beharko du. Euskaraz ongi jakitea, ahozko maila ona, bizia eta adierazkorra izatea ere oinarrizkoa izanen da eta aisialdiko begirale titulu ofiziala izatea ere bai. Horrez gain, norberaren eskualdea ezagutzea, haurren eta gazteen aisialdian eskarmentua izatea eta hezkuntza, gizarte hezkuntza edota aisialdiarekin loturiko esperientzia eta ikasketak izatea kontuan hartuko du.
Euskaltzaleen Topaguneak, berriz, aisialdiko heziketan prestatzeko aukera eta koordinazio gune egonkorra eskainiko ditu.
Curriculumak urriaren 1erako aurkeztu beharko dira. Helbide honetara bidaliz –Euskaltzaleen Topagunea, Uren Plaza 6-7 31600 Burlata– posta elektronikoz –ekhine@topagunea.eus– edo telefonoz 674 35 19 17. «Interesa duen gazte orok bere burua aurkez dezakeela» jakinarazi du Topaguneak.