Aldarrikapenekin eta elkartasun keinuekin hasi dute denboraldia Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 17a, 11:00

Atzo Donezteben egindako elkarretaratzean 30 bat lagun bildu ziren.

Udako atsedenaldia gibelean utzita, atzo egin zuten denboraldi honetako lehenbiziko elkarretaratzea Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. 30 bat lagun bildu ziren Donezteben.

‘Orain 1.080 euro’

Aldarrikapenak eta elkartasun mezuak nagusitu ziren atzo Donezteben egindako agerraldian. Alde batetik, guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen duen Orain 1.080 euro leloak Euskal Herriko plazetan zazpi urte bete dituela oroitarazi zuten. Hori lortzeko bidean, «hurbilketa batzuk izan direla, baina oraindik ez dela bere osotasunean lortu» azpimarratu zuten, eta hala, «azken txanpan ekimenak zorrozteko beharra» agerian utzi nahi izan zuten. Horren harira, Nafarroan «adostutako mahaia osatu eta eztabaidan hastea falta» dela  aipatu zuten, eta EAEn «Jaurlaritza berriarekin ikusi beharko da ea bertze jarrera batekin edo lehengoarekin hasten duen ikasturtea».

Fiskalitateari buruzko legea

Hego Euskal Herrian «fiskalitateari buruzko legea aldatzea» ere eskatu zuten atzo Donezteben: «Biltzen den diruaren % 80 Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren (PFEZ) eta BEZaren bidez biltzen da, aberastasun haundia dutenek eta enpresen etekinek ehuneko gutti bat ordaintzen duten bitartean». Hala, lege horiek aldatzea «beharrezkoa» dela aldarrikatu zuten, «zaintza eta zerbitzuak publikoak eta duinak izatea nahi badugu».

Osasun zerbitzua

Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko eremuan osasun arreta «kinka larrian» dagoela ere ohartarazi zuten, «Elizondoko Osasun Etxeko plantillan, medikurik gabe gelditu direla» salatzearekin batera. Egoera ikusita, Baztango Osasun Plataformak antolatutako mobilizazioekin bat egin dute pentsiodunek.

Bihar, irailaren 18a, elkarretaratzea egitekoa dute Elizondoko Osasun Etxearen atarian, 11:30ean. Irailaren 25ean, 18:30ean, Elizondoko plazatik abiatuta, bizikleta martxa eginen dute, eta 19:30ean elkarretaratzea osasun etxearen atarian, eta irailaren 29an manifestazioa Elizondon, 12:00etan, Osasun sistema publiko duinaren alde lelopean.  

Palestinara, Argentinara eta Venezuelara begira

«Nazioarteko gatazkek eta eskubide urraketek arduratzen gaituzte». Mezu hori ere eman zuten atzoko elkarretaratzean. Eta Argentinako, Palestinako eta Venezuelako kasuak paratu zituzten mahai gainean.

«Argentinako Gobernuak, eskuin muturreko estiloari segituz, murrizketak han eta hemen egiten ditu, eta jubilatuak hagitz kaltetuak gelditzen ari dira. Mobilizazioak antolatu dituzte eta gobernuak errepresio bortitzarekin erantzun die». Atzo kontatu zutenez, «Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak oharra kaleratu du Argentinako pentsiodunei elkartasuna adieraziz eta haien borrokarekin bat eginez».

«Israel Palestinan egiten ari den genozidioa» ere gogor gaitzetsi zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek: «Trump-Harrisen arteko antzerkiak hedabideetan lehenbiziko lerroak betetzen dituen bitartean, AEBetako agintariek hiltzeko baliabideak bidaltzen segitzen dute, Israelek bere genozidioarekin segi dezan». Hala gaineratu zuten: «Sarraski honekin behingotik bukatzeko, hemengo agintariek badute ordua zerbait egiteko».

Eta Venezuelako egoera ere hartu zuten hizpide: «Hauteskundeen ondotik nazioarteko agintari neoliberalistek hartu duten posizioa agerikoa da, AEBen ereduari estaturen batek kontra egiten badio, horren kontrako erasoak gerra zikina dira».

Hortaz, «munduko herri guzien askatasunaren alde lanean segitzea» aldarrikatu zuten.

Hurrengo hitzorduak

Lehenbiziko elkarretaratzea Donezteben eginda, hurrengoak Lesakan, Elizondon eta Beran eginen ditu Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak, herriz herri txandakatuz, ordena horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun