36 lagun elkartu ziren denera Donezteben larunbatean, Iñigo Ostiz antolatzaileak nabarmendu duenez, orain arteko lehiaketa jendetsuena izan zen. Eskualdeko xake jokalariez gain, Irunetik eta Iruñerritik ere bertaratu ziren parte hartzaileak. Maila ederra izan zuen txapelketak gainera, Nafarroa mailan pisua haundia duen Mikel Gureak taldeko hainbat kide bertaratu baitziren, baita elkarteko lehendari Mikel Razkin ere. Txapelketa bukatzean, eskualdeko xake jokalarien maila ona nabarmendu zuen Razkinek.
10 minutuko sei partida jokatu behar izan zituzten parte hartzaileek, eta lehen postuan Aritz Mancha gelditu zen. Ostizen hitzetan «errendimendu latza» izan zuen, 6 puntutik 5,5 lortu baitzituen, bortz garaipen eta berdinketa bat, alegia. «Jokalari sendoa eta gogorra dela erakutsi zuen Manchak», nabarmendu du antolatzaileak.
Mikel Gureak taldeko Juan Jose Navasentzat izan zen bigarren postua. Txapelketa txukuna osatu zuen denera bortz puntu lortuta. «Azkeneko partidan Ibon Recarteren aurka ederki sufritu behar izan zuen partida aitzinera ateratzeko. Posizioa erabat galdua zuela, piezak ongi maniobratu zituen denboragatik irabazteko», azaldu du Ostizek.
Hirugarren posturako hiru jokalari zeuden lau puntu eta erdirekin eta tie breakera jo behar izan zuten. Desenpatea eginda, azkenerako, Mikel Razkin izan zen hirugarren sailkatua.
Doneztebeko txapelduna, berriz, Iñigo Ostiz izan zen 4,5 puntu lortuta. Nahiz eta 2.partida galdu egoerari buelta emateko gai izan zen doneztebarra, eta hala etxeko lehen garaipena lortu zuen.
Azpimarratzekoa, Jorge Ostiz doneztebarraren garaipena Henry Diazen kontra. Izan ere, txapelketako mailarik altueneko jokalaria zen eta baita txapelketa irabazteko faboritoetako bat ere.
Oro har, giro paregabean jokatu zuten txapelketa eta jokarariek eta ikustera joan ziren zale guztiek goiz politaz disfrutatzeko aukera izan zuten.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Gazte Burrunbari, txapelketa antolatzen laguntzeagatik; Kasino Elkarteari, lokala uzteagatik eta Mikel Gurea klubari, txapelketarako beharrezko material guztia uzteagatik.