Iturengo bere estudioan hartu du Agustina Otero Fernandez eskultoreak TTIPI-TTAPA (Leon, Espainia, 1960). Hantxe du bere habia, bere bizitokia eta bere lantokia. Aspaldixkotik hantxe ditu lanerako beretako «behar-beharrezkoak diren argitasuna, naturarekin kontaktua, isiltasuna eta kontzentrazioa». Obra saila ditu estudioan; horietako batzuk aspaldi eginak ditu, konparazio batera, Iturenera ailegatuta teilatuko habe batekin egin zuen lehenbiziko eskultura. Dena den, estudioa «nahiko hutsa» dagoela dio, Zirkuluaren zerumuga izeneko proiektuan baititu 70 obra. Proiektu horren barrenean, bi erakusketa zabaldu ditu; bat irailaren 29ra arte Iruñeko Ziudadelako Bolborategian izanen da ikusgai eta bertzea azaroaren 24ra arte Altzuzako Oteiza Museoan.
Haurra zinenetik artearen bueltan. Azalduko zeniguke?
Ttikitatik maite izan dut eskultura, eta halaxe erraten dit beti amak, eskulturak egin nahi nituela errepikatzen omen nuen. Leongo (Espainia) San Adrian del Valle herrian sortu nintzen, baina 14 urterekin, familia guzia Kataluniara joan ginen. Han, eskolara joateaz gain, Conchita Morral artistaren tailerrera apuntatu nintzen. Berarekin pintura klaseak hartu nituen, eta neurri ttikiagoan zeramika ere ikasi nuen. Irakasle hark nire garapenean eragin handia izan zuen. Orain dela 50 urteko kontuez ari naiz, Franco bizi zeneko garaiaz, ez ziren garai errazak. Berak beti animatu ninduen: «Agustina, honetan segitu behar duzu. Ez zaitez ezkondu, aunitz bidaiatu, ikusi bazterrak eta dedikatu egiatan nahi duzun horretara» erraten zidan. Bizpahiru urte eman izanen nituen berarekin, eta berak bideratu ninduen garai hartan hagitz ezaguna zen Bartzelonako Massana arte eskolara. Han eskultura ikasketak egin nituen eta ohorezko matrikula eman zidaten, promozioko lehenbizikoa izan nintzen. Massana Eskolak emandako bekarekin Italiara joan nintzen.
«Azken urteotan batez ere harriarekin eta burdinarekin ari naiz lanean»
Geroztik ibilbide luzea egiten ari zara eskulturaren munduan...
Massana Eskolan sei urtez ikasi ondotik, bekari esker, 1984an Italiara joan nintzen. Florentzian, Carraran eta Pietrasantan bi urte pasatu nituen, eta Miguel Angel, Da Vinci eta bertze hainbat artista ezagun ibili ziren tailerretan parte hartzeko aukera izan nuen. Grabatua, eskultura eta marrazketa ikasi nituen Italian, eta materialen artean, harria lantzeaz gain, brontzea galdatzen (fundizioa) aritu nintzen. Italiako bidaia hagitz emankorra izan zen, aunitz ikasi nuen. Iturenera etorri nintzenean, inguruan segituan deskubritu nituen nahi nituen materialak: Almandozko marmola, Eratsungo harria, Baztango harria, erreketako harriak... Hasiera hartan, egurrarekin pixka bat ere aritu nintzen. Adibidez, Tresanea ondoko etxea bota zutenean, teilatuko habe batekin obra bat egin nuen. Huraxe izan zen Iturenen egin nuen lehenbiziko lana, Italian egindako maketa batetik abiatuta. Baina harria da bereziki gustuko dudana, baita burdina ere, eta azken urteotan harriarekin eta burdinarekin ari naiz.
Nolatan ailegatu zinen Iturenera?
Italiako egonaldiaren ondotik izan zen. Ordura arte ikasten ibilia nintzen, eta nire bidea egiteko espazio bila hasi nintzenean, Ituren harrapatu nuen. Lanerako toki lasaia eta ekonomikoki eskuragarria nahi nuen, eta 1986ko udan etorri nintzen, duela 38 urte. Hasieran, Tresanean bizitu nintzen, baina argia behar nuen, eta duela 20 urte, hainbat proiektu handi egin ondotik, gaur egun nire bizilekua eta tailerra dena eraiki nuen, hutsetik. Espazio argitsua da, lanerako eta nire lana bertzeei erakusteko toki egokia. Horrez gain, baditut lanerako behar-beharrezkoak ditudan kontzentrazioa eta isiltasuna. Naturarekin kontaktua izatea ere garrantzitsua da niretako.
«Museoak bisitatzeak artista bera aunitz aberasten du»
Italia aipatu duzu, baina toki gehiagotan ere ibilia zara...
Bai, bidaiatzeko aukera izan dut. Senegalen urte batez bizitu nintzen. Ordurako hainbat proiektu eginak nituen, eta urte sabatikoa hartu eta Senegalera joatea erabaki nuen. Hori zen hasierako asmoa, baina han nengoela, obra aunitz egin nituen. Gero lan haiek ekartzeko zailtasun dezente izan nituen, baina Espainiako Enbaxada ongi portatu zen eta egindako guzia ekartzeko modua izan nuen. Hortaz aparte, 1994tik aitzinera bi urtez Parisko Nazioarteko Hirian ibili nintzen. Parisko hiriak mundu osoko artistei aldi baterako uzten dizkien egoitzak dira. Nik suertea izan nuen, eta bi aldiz utzi zidaten estudio hori. Eta han egonda, hango museoak ikusteko probestu nuen, baita Italian ere. Museoak ikusteko Europan barna bidaia gehiago ere egin ditut. Museoak bisitatzeak artista bera aunitz aberasten du.
Egonaldi horietako bakoitzak zer ekarpen egin dizu?
Zaila da erantzutea. Nahiz eta inkontzienteki izan, pertsonalki eta artistikoki elikatu eta aberastu nautela erranen nuke. Begiak zabaltzeko balio izan didate, bertzelako gauzak existitzen direla ikusteko, eta horrekin batera, begirada lantzeko. Begiradari esker deskubritzen da obra batean barrenean dagoena, eta begirada da sentimenduen mundurako dugun leihoa. Inportantea da lantzea, bai artean, bai orokorrean denean. Hori norberak deskubritu beharrekoa da, eta bide horretan, nire ustez, isiltasunak aunitz laguntzen du. Zer dago museoetan? Isiltasuna. Bada, isiltasunak hainbat alderdi deskubritzeko ateak irekitzen ditu, guregan dauden berezko aukerak eta ezezagunak ditugunak. Zaratak, ordea, nahasi egiten gaitu, ez digu bertze errealitateak deskubritzen uzten.
Sariak hartu dituzu eta zure obrak museo ezagunetako bildumetan daude...
Bai... Artium Museoan (Gasteiz), Nafarroako Museoan (Iruñea), Kutxa Fundazioan (Donostia), Iruñeko Udalarenean, Musac-en (Leon, Espainia), Irungo Udalarenean, Leongo Diputazioarenean, Kantabriako Gobernuarenean, Mora-Granados Fundazioan, San Telmo Museoan (Donostia), Jordi Boronat Galerian (Bartzelona), Moises Perez de Albeniz Galerian (Madril), Cubo Azul Galerian (Leon), Raquel Ponce Galerian (Madril), Avancon (Iruñea), Nafarroako Kutxa Fundazioan eta hainbat bilduma pribatutan. Bertzelako hainbat erakusketatan ere parte hartu izan dut: Tokioko Arte Garaikidearen Museoan, Veneziako Bienalean, Egipton Cairoko Eskultura Bienalean, Ginebran, Bilboko Guggenheim Museoan, Donostiako Kubo Aretoan eta Koldo Mitxelenan, New Yorkeko White Boxen...
«Lehenbizi, zirriborroa egiten dut, ondotik, marrazkia eta maketa, eta akitzeko, eskultura»
Nola lan egiten duzu?
Hasierako ideia koaderno batean edo eskura dudan paper batean irudikatzen dut. Sukaldean ontziak garbitzen ari naizenean, kotxean noanean, baratzean ari naizenean... sortutako ideia izaten ahal da. Ondotik, zirriborro hori interpretatu eta marrazkia eginez gehiago garatzen dut. Aunitz marrazten dut, eskultura sortzeko prozesuan sortzen ahal diren arazo teknikoak konpontzen laguntzen baitit. Hurrengo pausoa maketa egitea izaten da, espazioarekin lan egiten dudanez, maketa garrantzitsua da. Eta lanean segitzen dut, eta obra nola garatu pentsatzen hasten naiz: harriarekin, burdinarekin, noiz edo noiz buztinarekin eta igeltsuarekin ere aritu izan naiz... Eta hori argi izanda, eskultura fisikoki egiten hasten naiz. Beraz, lehenbizi, zirriborroa egiten dut, ondotik, marrazkia eta maketa, eta akitzeko, eskultura.
Hasierako ideia eta bukaerako lana hagitz diferenteak izaten dira?
Bai, bai, arrunt diferenteak. Emozioak eta sentsazioak tartean sartzen dira, eta aunitz aldatzen da.
«Zaila da artetik bizitzea, baina nik suertea izan dut»
Zaila da artetik bizitzea?
Bai, zaila da, baina suertea izan dut eta artea dut ogibide.
Emakume izateagatik zure ibilbidean oztopoak izan dituzu?
Ezetz erantzutea gustatuko litzaidake, baina ez dut uste horrela denik, eta aunitzetan urrutikoak ez direnen aldetik sumatu ditut. Urte aunitz ditut artearen munduan, eta oraindik ere emakume guziek aitortza behar dute. Hil ondotik aitortzea ongi dago, eta gaur egun, Europako museoetan bada horretarako joera, baina nik ez dut hori nahi. Egiten dugun lana bizirik gaudenean aitortzea nahi dut, adibidez, harria edo burdina lantzearen balioa aitortzea. Normalean, gizonezkoen mundua izan da.
Gaur-gaurkoz bi erakusketa dituzu martxan, biak Zirkuluaren zerumuga proiektuaren barrenean. Kontatuko zeniguke?
Bai, bat Oteiza Museoan dago eta bertzea Iruñeko Ziudadelan. Oteiza Museokoa azaroaren 24ra izanen da zabalik eta 43-44 obra daude. Eta Ziudadelako Bolborategian dagoena irailaren 29ra arte izanen da ikusgai. Han 25 paratu ditut. Erakusketen gaia burua da, hori baita normalean lantzen dudana.
Burua zergatik?
Ba zehatz zergatik ez dakit, baina aspaldiko kontua izaten ahal da. Eskola denboran ariketa batean egindako nire lanetan buruak ageri dira, edo Massana Eskolak saritu zuen lanean ere bi buru egin nituen... Artearen alderdi teorikoa ikasterakoan ere hasieratik erakarri nauten lanetan buruak ageri dira. Sumer kultura, iberiar artea, Elxeko Dama obra, Nefertiti obra, Lunigianesi kultura, Coptos erretratuak, erromatarren erretratuak... Hori guzia ikusi eta ikasi izanak eragin du niregan, eta jakina, ez dugu ahantzi behar burua garenaren esentzia eta motorra dela.
«'Zirkuluaren zerumuga' proiektua eskualdean sortua eta errotua da»
Proiektuak eskualdearekin badu lotura, ez?
Bai, Zirkuluaren zerumuga eskualdean sortua eta errotua da. Halaxe da erakusketetako katalogoaren portadatik hasita. Portadan Iturengo zubi bat ageri da, aunitz estimatzen dudan pertsona batek eginiko zubia. Erakusketa prestatzeko Iturengo zurginarekin eta Doneztebeko arotzarekin elkarlanean aritu naiz, katalogoko argazkiak Zaldua argazki dendako Mak Iriartek egin ditu, eta katalogoko testuak Donezteben bizi den Luis Garde poetak, Elizondon bizi den Ramon Andres idazleak eta eskualdearekin lotura duen Jose Jabier Fernandez arte historialariak egin dituzte. Erakusketa materiala, batez ere Oteiza museoan dauden obrena, harria da: Baztangoa, Eratsungoa, Almandozkoa, Markinakoa (Bizkaia), eta harriaz gain, burdina. Garbi nuen bizi naizen inguruarekin lotura izanen zuela.
Kontent gelditu zara emaitzarekin?
Zaila da arrunt kontent egotea, obrak hagitz diferente ikusten baitira estudioan edo erakusketa gelan. Baina, orokorrean, gustura nago.
Zeure buruarekin exijentea zara?
Bai, hagitz exijentea. Lan aunitz egiten ditut, baina horien artean hagitz gutti aukeratzen ditut. Beti horrela izan naiz, prestatzen lan handia hartzen duen horietakoa naiz. Eta bertze kontu bat, ez zait lehendik ereindako bideetan ibiltzea gustatzen; beti bide berrien bila nabil, hori baita garatzeko modua. Nire lanen artean, badira figuratiboagoak diren buruak eta lehenbiziko aldiz ikusiko duen edozeinendako abstraktuak izan daitezkeen obrak. Niretako, ordea, ez dira abstraktuak, buruaren mundua islatzen dute.
«Dena abstraktua da, begirada kontua da»
Zer erranen zenieke artea abstraktua dela diotenei?
Egia erran, dena abstraktua da, begirada kontua da. Azken batean, ilunabarra edo eguzkia sartzen denean ikusten duguna ez da abstraktua? Zirkulu bat ikusten dugu airean, eta berdin egunsentian eguzkia ateratzen denean. Edo ilargia zer da? Zer da zuhaitz bat? Lerro batzuk dira. Erran bezala, begirada kontua da.
Hainbertze lanen artean, bada bakarren bat berezia zuretako?
Artista bakoitzak badaki zein diren bere lanen artean hoberenak, eta nire kasuan horrek zer bide hartu behar dudan jakiteko balio dit. Baina nik ez nuke obra bat aukeratuko, niretako denek garrantzi bera dute.
Zure artea nola definituko zenuke?
Espazioaren ikerlaria naiz, bertzerik ez, eta ikerketa horretan, nire esku dagoen ekarpena egiten saiatzen naiz. Eskulturan ari naiz, bai, bolumenaren eta espazioaren artean dagoen harremana ikertzen, eta artista garaikidea naizela gehituko nuke. Baina nire artea definitzea zaila egiten zait.
Erakusketa hauen ondotik, zer?
70 obrak bildu eta isiltasunera bueltatu. Isilik lan egiten dut, eta aldi berean, isiltasun gehiago sortzea dut helburu; ikusleari isiltasuna transmititu nahi diot, begira dagoenean kontenplaziozko isiltasun horretan murgildu dadin. Gainerakoan, bihar edo ondoko urtean zer eginen dudan, niretako ere misterioa da.