Udari agurra emateko, aurten ere prest dute Joaldunen Eguna Iturenen, Ibintza Kultur Taldeak, Joaldunen Elkarteak eta Inauterietako komisioak antolatutako ohiko egitarau ederrarekin. Irailaren 21ean ospatuko dute baina bazkarirako txartelak irailaren 16ra arte eskura daitezke Iturengo Herriko Ostatuan, 45 eurotan. Hortik aitzinera 5 euro gehiago ordaindu beharko da, baina egun berean ez da txartelik salduko.
Irailaren 21eko egitaraua
Beti bezala, irailaren 21ean, larunbat goizean zehar joaldunek eta trikitilariek beraien ibilbidea eginen dute baserriz baserri eta herrian. 13:30ean herri kirolak izanen dira, berriki Nafarroako Herriz Herri txapelketan parte hartu duten Iruritaren eta Arraiozen arteko proba konbinatua. Ondotik, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariak ariko dira eta bi bertsolari hauek alaituko dute gero, 15:00etan plazan hasiko den herri bazkaria ere. Ohitura mantenduz, Zubillaga cateringak eskainiko duen bazkarirako txartelak salgai daude Herriko Ostatuan irailaren 16ra arte, 45 eurotan. Hortik aitzinera 5 euro gehiago ordaindu beharko da, baina egunean berean ez da txartelik salduko. Bazkal ondotik, dantzaldia izanen dute Frantxiskurekin. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, antolakuntza lanetan (karpa jarri eta kendu, mahaiak eta bankuak jaitsi…) herritarren laguntza eskertuko dute.
Iturengo Joaldunak Zarautzeko Euskal Jaiaren mendeurrenean
Iturengo joaldunak Zarautzeko Euskal Jaian joareak jotzen ibili ziren irailaren 9an, argazkian ageri den bezala. Urtero hutsik ez dute egin kostaldeko jairik garrantzitsuenean. Hala ere, aurtengoa berezia izan da, 100 urte egiten baitzuen Zarautzeko Euskal Jaiak eta mendeurrena behar bezala ospatu zuten. Berezia izanagatik, herriko joaldun kuadrilla elkartu eta denak elkarrekin goiz goizetik alaitu zituzten hondartza ondoko malekoia, baita gainerako kaleak ere.