Construcciones Mariezcurrenaren 45. urteurrena ospatuko dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 10:00

Donezteben eginen dituzte 50. urteurreneko ospakizunak larunbatean

Urteurren berezia beteko du aurten Construcciones Mariezcurrena enpresak. 1979an lanean hasi zirela 45 urte beteko dira aurten eta langileekin eta herritarrek ospatzeko tartea hartuko dute larunbatean Donezteben. Ekitaldiak Merkatuko Plazaren goitiko aldean eginen dituzte. Langile denei eskerrak emateko eguna izatea nahi dute enpresako buruek. 

11:00etan paratu dute hitzordua eta bertan aurreskua dantzatuko dute herriko dantzariek abesbatzako kideek abesten duten bitartean. Ordu berean irekiko dute enpresaren historiari buruz prestatutako erakusketa ttikia.

Ondotik, jatekoa banatuko dute bertaratutakoen artean, eta 11:45ean herri kirol erakustaldia izanen da. Alde batetik bi emakumezko bikote arpanean ariko dira nor baino nor. Ondotik, Nerea Arruti aizkolariak bi metroko diametroa duen enborra moztuko du lehenengoz eta Estefi Etxebeste harri jasotzailearen erakustaldia izanen da. Ondotik, gizonen desafioa izanen da. Iker Vicente eta Oier Ezpeleta, Julen Alberdi Txikia eta Mikel Larrañagaren kontra ariko dira. Herri kirolak 13:00etan bukatuko dira eta berriz ere jatekoa banatuko dute bertaratutakoentzat. Herritar oro gonbidatu dituzte goizeko ekitaldietara.

14:00etan, aldiz, bazkaria izanen dute langileek eta gonbidatuek eta ekitaldia izanen dute. 

Eguna borobiltzeko pilota partiduak antolatu dituzte Ezkurra pilotalekuan. Hasteko, emakumeen arteko partida izanen da: Aldaregia eta R.L. Mujika, Iturriaga eta Agirreren aurka ariko dira. Gizonezkoen txanda izanen da gero, Etxeberriak eta Zabaletak, Altuna eta Martija izanen dituzte aurkari. Sarrerak 25 eurotan lortu daitezke Ostiz, Titi eta El Cafe ostatuetan.

Sarreretatik ateratako dirua ANELA eta emakumeen eskubideak babesteko Malerrekan sortu berri den ASKE EE elkarteentzat izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun