Hirugarren partida ere galduta, buruz buruko txapelketatik kanpo gelditu da Juanenea

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 9a, 18:00

Juanenea ongi hasi zen, baina galdu egin zuen Urrizaren kontra eta buruz burukotik kanpo gelditu da saldiastarra.

30-15 galdu zuen larunbatean Urrizaren kontra eta finalerdietarako sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da

Barrenetxearen kontra tanto bakarragatik eta Ansa II.aren kontra nhiko erraz galdu ondotik, hil ala biziko partida zuen larunbatean Galarretan Aritz Juanenea saldiastarrak. Nahitaez irabazi egin behar zion Urrizak, tanto alde handiarekin ahal bazen, eta Ansa II.ak eta Barrenetxea IV.ak jokatzeko duten azken partidaren emaitzaren esperoan egon. Ongi hasi zen Juanenea eta 12-14 irabazten egon zen, baina Urrizaren 18-1eko partzialak garaipena eman zion Iruñekoari (30-15). Horrela, puntu negatiboa izan zuen Juaneneak eta hiru partiden ondotik, puntu bakarra bildu du saldiastarrak, finalerdiak jokatzeko aukerarik gabe.

Urrizak, bere aldetik, hiru partiden ondotik 10 puntu pilatu ditu. Honela, irailaren 14an Ansa II.ak eta Barrenetxea IV.ak jokatuko duten ligaxkako azken partidan erabakiko da finalera zuzenean nor sartzen den (Barrenetxeak 27 tanto egiten ez baditu, Urriza izanen da finalista eta bestela Barrenetxea). Ansa II.ak finalerdia jokatuko du, bai ala bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun