Joan den denboraldian kopako txapeldun izan zen Doneztebeko Errekako gizonezkoen eskubaloi taldea. Ligan ere lauko finalerako sailkatu zen, baina finalerdian kanporatu zuen gerora txapeldun izan zen eta lehen mailara igo zen Loyola taldeak. Hain zuzen, ligako eta kopako txapeldunak aurrez aurre izanen dira irailaren 7an, larunbatean 18:00etan Iruñeko San Ignacio ikastetxeko kiroldegian. Denboraldiko lehen titulua izan dute jokoan, Nafarroako Superkopa eta Errekako zaleei taldea animatzera joateko deia egin diete. Duela bortz urte ere Superkopa irabazi zuen Errekak, ligako eta kopako txapeldun izan ondotik.