Ostiralean inaugurazioa eta hitzaldia
Ostiral arratsaldean inauguratu zuten Hamaika erakusketa artistiko eta antieolikoa. Malerreka Bizirik plataformako kide batek hartu zuen hitza eta bildutakoek Malerrekako eta Bortzirietako mendietan eraiki nahi dituzten makroproiektu eolikoen kalteen berri izan zuten.
Hainbat datu eta irudi jarri zituen mahai gainean plataformakoak, «industrialde eolikoak eta fotovoltaikoak ez direla ez garbiak, ez berdeak, ez jasangarriak erakutsiz». Hizlariak datuekin esplikatu zuen «azpiegitura industrial hauek CO2 emisioen eta aldaketa klimatikoaren arazoak larriagotzen dituztela, baita ingurumenean beste hainbat kalte eragiten dituztela ere». Honela gaineratu zuen: «Industrialde eolikoak edo fotovoltaikoak eraikitzeak dakartzan prozesu guztiak erregai fosilen menpe daude: meatzaritza, materialen prozesatzea, garraioa, fabrikazioa, instalazioa, funtzionamendua, eraistea eta hondakinen kudeaketa. Eta beraz, energia berriztagarrien industriak ezin izanen dituzte inoiz ordezkatu».
Horrekin batera, adierazi zuenez, «industrialde eolikoak eta fotovoltaikoak zientzialariek zehaztuak dituzten planetaren bederatzi mugetatik bost gainditzen dituzten giza jardueretako bat dira, naturan eragiten dituzten kalte larrien ondorioz». Horren seinale, besteak beste, «animaliak eta landareak desagerrarazten dituztela eta kutsadura kimikoa eta ur falta eragiten dutela» aipatu zuten.
Larunbatean Iruñarri Eguna
Larunbatean Iruñarri Eguna ospatu zuten Eratsunen, eta hala, goizean, mendi buelta egin zuten Iruñarrira. Malerreka Bizirik taldeak gogoratu du «Irakurri makroproiektuarekin bertan dagoen iruinarria edo menhirra arriskuan dagoela, baita cromlechak eta dolmenak ere».
Arratsaldean, alde batetik, haurrak Hamaika erakusketako hegaztien irudiekin eskulanak egiten aritu ziren, zehazki ebakigarriekin dodekaedroak egiten, eta segidan pinturekin beraien hegaztiak sortu zituzten.
Bestetik, herriko adineko emakumeei omenaldia egin zieten, eta hitzorduan jende asko bildu zen
Hamaika erakusketari dagokionez, igandean ere ikusgai izan zen. Eratsuni lekukoa hartuz, aste honetan Gasteizen izanen da ikusgai, eta aurrerago Iruñean.