Malerrekako helduei euskara ikasteko erraztasunak emateko helburuarekin, aurten ere 2023-2024 ikasturtean euskara ikasi zutenendako dirulaguntza deialdia egin du Malerrekako Mankomunitateak. Zehazki, 16 urtetik goitiko ikasleendako dirulaguntza deialdia izanen da eta dokumentazioa Malerrekako Mankomunitatean (Zazpigurutze, 2, beheiti. Doneztebe) aurkeztu behar da.
Eskaera orriarekin batera, bertzeak bertze, eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia, erroldatze ziurtagiria, zinpeko aitorpena, euskaltegiko matrikularen ordainagiria(k) eta euskara ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, azken horretan ikastaroaren iraupena, maila, matrikularen kostua eta asistentzia portzentajea zehaztuz.
Asistentziaren arabera
Dirulaguntza banatzerakoan, euskara ikastaroan egindako asistentzia hartuko dute kontuan. Asistentzia % 85etik goitikoa bada, ikastaroa doan aterako zaio ikasleari. Asistentzia % 70 eta % 85 bitartekoa izan bada, matrikularen % 75 ordaindu beharko du eta asistentzia % 69 baino ttikiagoa izan bada, ez du dirulaguntzarik hartuko. Euskarabideak ematen dituen laguntzen osagarriak dira.
Informazio gehiago nahi duenak Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo dezake (948 45 17 46 / euskarazerbitzua@malerreka.eus)