Hamaika elkarlanean sortutako diziplina anitzeko proiektu artistikoa da. Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute proiektuan eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jaso dituzte: 11 txori kartel, lurraren defentsan egindako 11 margo, Euskal Herriko 11 testigantza, Malerrekako txorien eskulturak, musika eta poesia izanen dira ikusgai.
Etxalarko Haizeak Bizirik taldeko Irantzu Piquero ilustratzaile eta editoreak sortu du erakusketa, Malerreka Bizirikeko José Delicar diseinatzaile grafikoaren lankidetzarekin. Eskualdeko mendietan eraiki nahi duten makroproiektu eolikoaren kontra sortutako erantzuna da erakusketa eta eskualdeko herritarren testigantzekin batera, Euskal Herri osoko ilustratzaileen lanak ere biltzen ditu: Ainara Azpiazu Adurizen, Aitor Espieren, Antonio Canteroren, Elisabeth Pérez Fernandezen, Higinia Garayren, Iban Illarramendiren, Kike Infameren, Maite Mutuberriaren, Miren Asiain Loraren, Raisa Alavaren, Ruth Juanen, Saioa Larrearen eta Irantzu Piqueroren lanak. Iñaki Sanchezen eskulturek eta Karmele Martinen poemek osatzen dute erakusketa.