Nekazaritza eta abelzaintza birsortzaileari buruzko ikastaroak eginen dituzte udazkenean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 21a, 20:00

Nekazaritza eta abeltzaintza birsortzailea izanen dute hizpide Donezteben.

Cederna Garalur Elkarteak, Sustraiak Habitat Design kooperatibarekin batera, nekazaritza eta abeltzaintza birsortzaileari buruzko doako bi ikastaro independente antolatu ditu Donezteben. Lehenengoa baratzezaintza birsortzailean eta elikagaien basoan oinarrituko da, eta irailaren 23an, 24an eta 30ean eta urriaren 1ean eginen da. Bigarren lantegiaren izenburua Tokiko baliabideak aprobetxatzea abeltzaintza birsortzailerako da, eta urriaren 7an eta 14an eginen da.

Jarduerak Doneztebeko Herrigunean emanen dira, 15:30etik 19:30era, eta lehen sektoreko profesionalentzat eta gaian interesa duten guztientzat izanen da.

Izena emateko epea zabalik dago eta ikastaroak hasi baino astebete lehenago itxiko da. Interesdunek izena eman eta informazio gehiago eska dezakete bidasoa-elikadura@cederna.es helbidera idatzita edo 674 02 47 66 telefono-zenbakira deituta.

Ekintza horiek Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak finantzatutako ‘RuralNav’ lankidetza-proiektuaren barnean sartzen dira, Cederna Garalur, EDER, TEDER eta Erdialdea tokiko ekintza taldeekin sinatutako hitzarmen baten bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun