Segundo bakarreko aldearengatik Indakotxea bigarren mailako finalean izanen da eta Etxeberria ez

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 19a, 18:00

Donamarian abuztuaren 14an jokatutako kanporaketan erabaki zen irailaren 22an Uharteko finalean lehiatuko den boskotea

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatu zuten abuztuaren 14an Donamarian. Irailaren 22an Uharten jokatuko den finalerako bortz txartelen bila bederatzi aizkolari aritu ziren lehian, tartean eskualdeko bi: Mikel Indakotxea zubietarra eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria. Hain zuzen, bi horiek eskaini zuten lehiarik estuena. Finalerako azken txartela ematen zuen bosgarren posturako borrokan segundo bakarreko aldearengatik nagusitu zitzaion zubietarra beintza-labaiendarrari.

Etxarri Aranatzeko Jon Erdozia izan zen bizkorrena Donamariako kanporaketan. 8 minutu eta 11 segundo aski izan zituen hiru enborrak (bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat) mozteko. Arostegiko Julen Kañamares izan zen bigarren (08.20), Iturgoiengo Josu Santamaria hirugarren (08.54), Etxarri Aranatzeko Aritz Oiarbide laugarren (09.33) eta Zubietako Mikel Indakotxea bosgarren (09.44). Bortz aizkolari hauek izanen dira finalean. Aipatu bezala, bosgarren txartel horretan izan zen lehiarik handiena eta segundo bakarreko aldearengatik finaletik kanpo gelditu zen, seigarren gelditu zen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria. Bertze aizkolariak dezente denbora gehiago behar izan zuten lanak akitzeko: zazpigarren Segoviako Emilio Garcia izan zen (11.10), zortzigarren Baionako Ibai Telletxea (11.42) eta bederatzigarren Itsasuko Patxi Igoa (11.44).

Txapelketako kanporaketaz gain, Patxi Larretxeak altueran aizkora erakustaldia eskaini zuen Donamarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun