Donezteben aste honetan egitekoak dituzten errepideko lanek trafikoan eragina izanen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 19a, 07:30

Gaur, astelehena, hasi eta ortzegunera bitarte, NA-170 eta NA-4040 errepideak moldatzeko lanak eginen dituzte Donezteben.

Doneztebetik Donamaria aldera doan NA-4040 eta Doneztebe sarreratik Elgorriaga aldera doan NA-170 errepideetan eginen dituzte urbanizazio eta zolaberritze lanak. Alde batetik, Merkatuko errepidean eta Ameztia zeharbidean zoladura lanak eginen dituzte. Doneztebeko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, «trafikoan ilarak, pilaketak eta atzerapenak aurreikusi dira». Hala, gidariei «joan-etorriak aitzinetik planifikatzeko eta eragozpenak saihesteko ordezko ibilbideak kontuan hartzeko» eskatu die udalak.

Bertzetik, ortzegunean, abuztuaren 22an, zeharbidean asfaltatze lanak eginen dituzte eta arratsean errepidea erabat itxiko dute. Zehazki, Doneztebeko Turismo Bulego paretik Elgorriagako zubiraino moztuko dute, 21:00etatik 05:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun