Astelehenean plater tiraketa berreskuratu zuten eta Olegiko parajean izan zen. 21 parte hartzaile izan zituen, eta Xabier Lazkano izan zen garaile, Daniel Fernandez bigarrena eta Jon Iriarte hirugarren. Sunbillako erraldoi eta buruhaundiek ere beraien emanaldia egin zuten Elizondoko gaiteroek lagunduta. Ondotik, Guraso Elkarteak bazkaria egin zuen eta ttikienek apar besta izan zuten.
Arratsalde partean, emakume gaztetxoen pilota partidua izan zen. Frontoian izugarrizko giroarekin, Nahia Bertiz eta Iraide Iriartek herritarrak partidu polita eskainiz irabaztea lortu zuten Uxue Gomez eta Janire Sotilen aurka. Ondotik frontenis txapelketako finala jokatu zen; oraindik ere hagitz fuerte dabiltzala erakutsi zuten Luis Retegi eta Xanti Manterolak beraien txapela lortuz. Asier eta Gorka Antuñak txapela ez baina partidu ederra ere jokatu zuten. Zorionak denei, eta eskerrak aunitz antolakuntzari eta parte hartzaile guztiei.
Ilunabarrean, tortilla patata eta postre lehiaketa egin zen. Aurtengoak ez du arrakasta haundirik izan; bi tortilla eta postre bakarra aurkeztu ziren. Tortillako irabazlea Anita Etxeberri izan zen, bigarrena, berriz, Agurtzane Zubieta. Jose Ruizek postre ona aurkeztu zuen. Eskerrik asko guztioi! Ondotik, suzko zezena Harbizti karrikan ibili zen.
Asteartean, berriz, Txu-txu trena herrian barna ibili zen egun osoan, eta zapatil eta boneta jaurtiketa izan zuten goizean. Gazteen kategorian, boneta jaurtiketan, Jon Arrese izan zen irabazle, Adei Uriz bigarren eta Ainhoa Armendariz hirugarren; zapatila jaurtiketan, aldiz, Jon Arrese txapeldun, Ainhoa Armendariz bigarren eta Enaitz Agesta hirugarren. Helduei dagokienez, bonetan Xabin Muruamendiarazek irabazi zuen, Julen Ibarra bigarren eta Esteban Sarratea hirugarren; zapatilarekin, aldiz, Haritz Arriola garaile, Jon Mikel Gaztelumendi bigarren eta Iker Sein hirugarren.
Arratsaldean, igandean egin ez zen marrazki MasterClassa egin zuten haurrek, partaidetza haundiarekin, eta izugarrizko lanak aurkeztu zituzten. Gazteek ere Ulibeltzak elkartean bazkaria egin zuten eta herrian barna ura-ura ibili ziren Jaiak txarangak alaiturik. Eguna ezin hobeki akitzeko, arrakasta haundia izan zuen eta jendetza bildu zen betizuak ikusten. Eskerrik asko berriz ere guztia antolatzen dutenei eta baita parte hartzaileei ere. Egun borobila atzokoa.
Azkenik, gaur goizean 22 bikotek parte hartu dute mus txapelketan. Txus Rekarte eta Ruben Irigoien izan dira irabazleak, Joxe Martin Agirre eta Joxe Mari Arretxea Itxegi bigarren, Antonio eta Ion Mitxelena hirugarren eta Igor eta Ion Arrese laugarrenak. Eguraldiak lagundu ez duenez, haurrendako koltxonetak frontoian jarri dituzte eta tarte ederra pasatu dute goiz eta arratsaldez.