Bestak 2024

«Gurea bezalako herrietan auzolana ezinbestekoa da»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 13a, 15:00

Cristobal Zabaleta, Ezkurrako gurasoa.

Basakabiko bidea aski ongi ezagutzen du Cristobal Zabaletak: «Leitzan bizi naiz, baina ahal dudan guztietan joaten naiz Ezkurrara». Zeresanik ez abuztu erdialdean, gorriz seinalatuak ditu egutegian abuztuaren 14tik 18ra arteko egunak: «herriko festetan oporrak hartu eta han izaten gara egunero». Festazale izan denak, zale izateari inoiz uzten ez dionez, ilusioz hitz egiten du herriko festei buruz: «denetatik izaten da: aizkolariak, pilotariak, musa, musika... eta ahal den guztietan parte hartzen saiatzen naiz».

Ekitaldiak baino gehiago, herritarrek duten festarako gogoa da bere ustez Ezkurrako festen osagairik garrantzitsuena: «azkenean zuk jartzen duzu giroa. Ezkurra herri txikia da, urtero antzeko ekitaldiak izaten dira festetan, bazter guztietan festak izaten dira eta bertako jendea izaten da dagoena. Hori ez da arazoa guretzat. Gure artean oso ongi moldatzen gara eta herri giro hori da Ezkurrako festak berezi egiten dituena».

Festak herritarrak elkartzeko aitzakia perfektua direla dio: «afari batean 20 urteko gazte bat eta 60 urteko gizonezko bat mahai berean egonen dira eserita. Etorri ahala esertzen gara elkarrekin eta hori polita da». Elkarrekin kontu kontari egon eta broma eta txantxarako aukera ematen du horrek: «bat zirikatzen duzu, bestea... elkar ongi ezagutzen dugu eta giro sanoa izaten dugu». Herriko taberna bakarra izaten da beste topalekua: «Barranka ostatuan elkartzen gara denok, ederki zaintzen gaituzte han eta katxondeo ederra izaten dugu».

Festetako pilota partiduetan ere ohiko ikuslea da Cristobal. Ez da izanen urtean zehar partidu gutxi ikusi dituelako. Botilero eta taxista lanetan ibili beharra egokitzen zaio behin baino gehiagotan: «alaba pilotan dabil eta, orain, semea ere bai. Asteburuetan batera eta bestera ibili beharra izaten dugu, baina etxean beti izan dugu afizioa eta kantxan daudenak etxekoak direnean, gustura egiten dira joan-etorriak».

Ez dakigu festetan botillero ibili beharra izanen duen, baina bestelako lanetan ibiliko dela azaldu digu: «gurea bezalako herri txikietan auzolana ezinbestekoa da. Lagundu egin behar da, bakoitzak dakiena edo gustuko duena eginez». Parrillaren bueltan topatu du berak gustuko txokoa: «saltsan gustura ibiltzen gara. Musika bukatzen denean, arratsaldekoa banatzen dugu eta lauzpabost lagun ibiltzen gara jatekoa prestatzen». Herri bazkarian ere ez du etxean uzten aurreko mantala: «bazkaria prestatzen ibiltzen gara, kuadrilla polita elkartu gara eta giro bikaina izaten dugu gure artean». Lanean aritu behar duen arren festetako egun kuttuna da berarentzat: «urte osoan herrira joaten ez den jendea etortzen delako bazkaltzera». Bazkalondoan mariatxirik ere ez da falta izaten: «urteroko ezinbestekoak izaten dira mariatxiak. Jende helduak oso gustuko ditu, baita gazteek ere eta azkeneko eguna denez, nabari da jendea azkeneko kartutxoak erretzeko gogoz izaten dela». Eta batzuen eta besteen festarako gogoa elkartuta, aho zapore onarekin bukatu eta, berriz ere, izaten dute hurrengo urteko egutegian egun horiek gorriz margotzeko aitzakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun