Hainbat aizkora proba jokatu zituzten aurten ere igandean Sunbillako bestetan, XXI. Ramon Latasa sarian. Gizonezkoetan, joan den urtean bezala, Iker Vicentek eta Ibai Soroak osatutako bikoteak irabazi zuen txapela, bero itogarriarekin hamar kanaerdikoak eta 60 ontzako sei enborrak 30 minutu eta 49 segundotan moztu ondotik. Emakumezkoetan, berriz, Nerea Arruti eta Uxue Ansorregi nagusitu ziren.
Gizonezkoak:
- Iker Vicente / Ibai Soroa (30.49)
- Mikel Larrañaga / Hodei Ezpeleta (31.20)
- Julen Alberdi, Txikia IV.a/ Ugaitz Mugertza (34.16)
- Aitzol Atutxa/Eneko Otaño (35.35)
Emakumezkoak:
- Nerea Arruti/Uxue Ansorregi (11.53)
- Nerea Sorondo / Oihana Fernandez (12.29)
- Karmele Gisasola, Zelai III.a/Laiene Pikabea (14.54)
Honez gain, Gipuzkoako eta Nafarroako aizkolari beterano eta gazteen arteko lehian gipuzkoarrak gailendu ziren. 45 ontzako hamar enborrak mozteko, 12 minutu eta 57 segundo behar izan zituzten Angel Arrospide, Jose Ugarteburu, Unai Etxeberria eta Igoin Pikabea gipuzkoarrek eta 36 segundo gehiago Donato Larretxea, Antonio Jaunarena, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide nafarrek.
Aizkolariez gain, harri-jasotzaileek ere lana izan zuten igandean Sunbillan. Binaka aritu ziren, bina minutuko hiru txandatan, 125 kiloko harri koparekin, 150 kiloko laukizuzenarekin eta 175 kiloko harriarekin. Urra eta Azpiazu bikoteak 8.325 kilo altxatu zituen eta Aimar Irigoienek eta Beñat Telleriak osatutako bikoteak 7.825 kilo.