Ortzirale arratsaldean goitibeherak ibili ziren herrian eta gazteak banaka zein binaka egin zuten jaitsiera. Eneit izan zen txapeldun, Beñat eta Koldo bigarren, Haritz eta Jon Mikel hirugarren, Igor eta Joanes laugarren eta Mikel eta Xuban borzgarren. Ondotik, giza proba ikusteko aukera izan zen zubi berrian. Lehenik talde mistoa 450 kiloko harriarekin ibili zen. Gero gazte eta ez hain gazteen arteko lehia izan zen.
Larunbatean, berriz, bestei hasiera eman baino lehen kartel lehiaketaren sari banaketa egin zen. 14 urtetik azpikoetan Aroa Ibarra izan zen irabazlea eta bere marrazkia etxeetan banatu den programetan jarria izan da. 14 urtetik goitikoetan, berriz, Iraide Iriartek ez zuen inorekin lehiatzeko aukerarik izan eta berak egindako muntaia kartel haundietan ikusteko aukera izan da.
Ondotik momentu hunkigarria bizitzea tokatu zitzaigun; Amets Inda alkateak hitz batzuk eskaini zizkion suziria bota zuen Juanjo Ibarra Iriarte albinteari. 1983tik Juanjo udaletxeko langilea izan da eta aurten, 41 urteren ondotik, jubilatuko da. Zorionak Juanjo eta disfrutatu merezitako jubilazioaz. Irulegi trikitixa eta pandero eskolako kideek eta Elutxa txarangak alaitu zuten arratsaldea, eta zopak hartu zituzten Ulibeltzak elkartean.
San Tiburtzio egun haundian, goizean udaletxean elkartu eta kale nagusitik barrena, elizaraino joan ziren Udal korporazioa eta herriko apaiza, dantzari, Elizondoko gaitari eta txistulariak lagunduta. Meza nagusian herriko abesbatzak kantatu zuen. Ondotik, dantza emanaldia egin zen herriko plazan; bero izugarria egin bazuen ere, herriko dantzariak fin ibili ziren ikusleei beraien emanaldi ederra erakusteko. Zorionak guztioi eta eskerrak eman Kristobal irakasleari eta musikari lanetan ibili ziren Kristina eta Maki Urtasun, Nahia eta Jasone Bailon eta Gurutze Aizpururi.
Aipatu gabe ezin utzi ere abesbatzara laguntzera hurbiltzen zaizkigun Elizondo, Giltzarri eta Urruñako abesbatzako kideak baita Isabel Lakar zuzendaria eta Imanol Elizasu organo joleari ere. Eskerrak aunitz gure egun haundian horrelako meza polita ateratzeko egindako ahaleginengatik.
Arratsaldean XXI Ramon Latasa Saria egin zen, eta mutxikoak eta marrazketa Masterclassa bertan behera gelditu ziren egiten zuen bero handiarengatik. Baina 19:00etatik aitzinera, herrian entseatzen duten Kuatukada kuadrilla ederraren emanaldia ikusteko aukera izan genuen. Zorionak ekipo!