Buruz buruko txapelketarako bidea moztu dio Azpirozek Jabalerari

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 12a, 16:00

Buruz buruko erremonte txapelketa jokatzen hasi diren erremontistak, aurkezpenaren egunean. Martirena eta Jabalera dagoeneko kanpoan gelditu da eta Azpirozen eta Urrizaren arteko partidako irabazlea sartuko da ligaxkan.

EuskoLabel buruz buruko erremonte txapelketako bidea akitu zaio Aimar Jabalera doneztebarrari. Txapelketan sartzeko hiru partida irabazi behar izan zituen (30-14 Eskuderori, 30-21 Segurolari eta 30-28 Aldaberi) eta Martirenari ere irabazi zion txapelketako lehen partidan. Azpirozen kontra galdu egin zuen, ordea, larunbatean Galarretan (30-15). Honela, Azpiroz izanen da Urrizaren arerio hurrengo kanporaketan eta irabazlea sartuko da finalerdietako ligaxkan, Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.arekin batera.

Abuztuaren 17ko partida irabazten duenak Ligaxka jokatzeko ohorea izanen du, iazko buruz buruko hiru erremontista onenekin batera. Jada zain daude Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak.

Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pilotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuazioa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko; 30 tantora iristen den erremontistak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da eta ondorengo jardunaldiak abuztuaren 24an, 29an eta 31n jokatuko dira. Irailerako geratuko dira azken bi jardunaldiak; irailaren 7an eta 14an. Bi errremontisten arteko puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partidua irabazi duen pilotaria sailkatuko da ondorengo fasera. Hiru edo lau erremontistek berdintzen badute ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Erremontista batek partida bukatu aurretik utziz gero, hurrengo partidua jokatu edo ez erabakitzeko eskumena enpresak izango du.

Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontisten artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantora jokatuko dute finalerdia, irailaren 21ean. Azkenik, irailaren 28an jokatuko dute final handia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partidua irabazten duen pilotariaren arteko lehia izango da Galarretan.

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Ansa II.a, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari urnietarrak, Juanenearen, Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren konpetentziarekin, batik bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun