Ezkurrako Udalak jakinarazi duenez, «urtero bezala, Ezkurrakoei edo Ezkurrarekin harreman berezia dutenei» eman nahi izan die pestetako txupinazoa botatzeko aukera, «azken urtean edo azken denboraldian arrazoiren batengatik nabarmendu direnei, hain zuzen». Hiru pilotariri egin die gonbidapena, eta hirurek onartu dute. Hala, abuztuaren 14an, 20:00etan Paula Gorostiaga, Goiuri Zabaleta eta Xuban Telletxea arduratuko dira txupinazoa botatzeaz.
Gisa honetara, hiru kirolarien ibilbidea nabarmendu nahi du udalak. Paula Gorostiagaren kasuan, «Munduko Paleta Goman txapeldunorde izan da, baita Bizkaiko Larruzko Paleta Torneoan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketan txapeldun...» azpimarratu du Ezkurrako Udalak. Goiuri Zabaletari dagokionez, «2023ko sanferminetako lau eta erdiko txapelduna, binaka Plazandreak txapelketan finalista, lau eta erdiko txapeldunorde, Zaramagako txapelketako txapeldunorde...» izan dela txalotu du udalak. Eta Xuban Telletxearen kasuan, «Nafarroako Kirol Jokoetan txapeldun, bikoteka Espainiako txapeldun, Zaramagako txapelketan irabazle,...» izan dela nabarmendu du.
Hiru kirolariek «herri honetan partekatzen ditugun balioak transmititzea lortu» dute udalaren hitzetan, «ahalegina, lana, laguntasuna, apaltasuna...». Horrez gain, «beraien jatorria azpimarratu» izan dutela gaineratu du; «Ezkurra aipatu duzue zuentzat garrantzitsua den herritzat».
Ezkurrako pestetako pilota partidak
Pestetako partidetan zein pilotari izanen dituzten ere jakinarazi du Ezkurrako Udalak:
Abuztuaren 14an, 18:00etan, bi partida izanen dituzte. Alde batetik, Naroa Elizalde eta Alaitz Ayora, Nerea Altxuren eta Malen Bereauren kontra ariko dira. Bigarren partidan, Joanes Zestau eta Ohian Telletxea, Ekai Saizar eta Enaitz Bengoetxearen kontra ariko dira.
Abuztuaren 17an, goizez eta arratsaldez bina partida izanen dituzte. Goizean, 11:00etan hasita, Gentza Olaetxea eta Oier Zabaleta, Enaitz Elizalderen eta Ekain Elizalderen kontra ariko dira. Ondotik, Pablo Aldazek eta Jon Patxi Okiñenak, Igor Nazabal eta Xuban Telletxea izanen dituzte kontrario.
Arratsaldeko partidak 18:00etan hasiko dira. Goiuri Zabaletak eta Oinatz Alkortak, Julen Baleztenaren eta Aiur Ugartemendiaren kontra jokatuko dute. Partida bukatutakoan, bestea hasiko da: Janitz Sagastibeltza eta Beñat Santamaria, Hegoi Txoperenaren eta Eñaut Goikoetxearen kontra.