Frankismoko bunkerrak berreskuratzeko lanetan ari dira 25 gazte Otsondon eta Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 9a, 13:00

Nafarroako Gazteriaren eta Memoriaren Institutuen 'Muga gotortua' programak 25 gazte bildu ditu Baztanen eta Donezteben, boluntariotzaren bitartez frankismoko garaiko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko. Ana Ollo Nafarroako lehendakariordeak eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak lanak bisitatu dituzte aste honetan.

Nafarroatik eta bertze autonomia erkidegotatik etorritako 15-17 urteko gazteek osatu dute lantaldea, eta abuztuaren 1etik 15era eskualdean izanen dira frankismoaren erresistentzia zentroetako bunkerrak garbitzeko eta dokumentatzeko lanetan.

Boluntariotza lan horren osagarri, gotorleku horien guztien eraikuntzari buruzko azalpenak, garaiko dokumentazioa, arkeologia erregistroaren oinarrizko nozioak eta aisialdiko bisita eta jarduerak dituzte gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun