Sunbillako guraso elkarteko zuzendaritzako kideak

«Lana norberak egin behar duenean gauzak desberdin ikusten dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 7a, 11:00

Sunbillako Guraso elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak: Kristina Loiarte, Amaia Gartzia, Larraitz Martin, Oihane Etxart eta Asier Zugarramurdi.

Herriari bizia emateko beharrezkoak izaten dira, isilean, inurri lanean aritzen diren herritarrak. Sunbillako guraso elkarteko kideek badakite horri buruz zerbait; urtean zehar herrian izaten diren ekitaldi asko antolatzeko ardura bere gain hartua dutelako.

Bortz dira Sunbillako Guraso elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak: Kristina Loiarte, Amaia Gartzia, Larraitz Martin, Oihane Etxart eta Asier Zugarramurdi. Batzordean aurten sartu dira lehenbiziko hirurak eta iaztik ari dira lan horietan bertzeak. Horrela, ezagutzak elkarbanatuta, hasten dena ez da hutsetik hasten: «gure artean ardurak banatuak ditugu eta edozein arazo, zalantza... dugunean taldekoen babesa izaten dugu».

Aurten eman behar dute batzordeko beteranoek erreleboa eta bi kide berri sartuko dira: «nahiz eta lana izan sortzen den lan taldea eta giroa arras polita da eta bertan sartzera animatu nahi ditugu».

Guraso guztiek noizbait egin beharreko ariketa dela uste dute: «kanpotik ikusita ez duzu baloratzen egiten dena edo ez dirudi horrenbertzeko lana denik, baina orain barruan egonda gauzak desberdin ikusten dira». Hori dela eta, esker hitzak baino ez dituzte beraien aitzinetik zuzendaritzako lanetaz arduratu diren gurasoentzat: «goraipatzekoa da aurrekoak egindako lana». Eta kontuak ateratzen hasita, ez dira gutxi izan: «ez dugu inon jasoa zein izan zen elkartea sortu zen urtea, baina lehenbiziko akta 2008ko otsailekoa dela ikusi dugu». Horren arabera, hamasei urte, behintzat, izanen lituzke guraso elkarteak.

Herriko haur eta gaztetxoen egunekoan eragina duten kontuak dira egiten dituzten lanetako batzuk: «jangela kudeatzea, guraso elkarteko kontuak eramatea, udako ludoteka antolatzea...», baina batez ere, herriko zenbait ekitaldi antolatzeko orduan egiten duten lana azpimarratu dute: «Eguberriak, Asteburu Kulturala, San Joan sua, bestetako bazkaria...». Horiekin badakite haurrei ongi pasatzeko aukera ematearekin batera, herriko kultura eta ondarea ere babesten ari direla.

Ekitaldi bakoitzak ekintza zehatz batzuk prestatzea dakar: «Eguberrietan, Olentzerorekin ibilaldia egiten dugu eta txokolate jana prestatu. Asteburu kulturalean haurrentzako jokoak prestatzen ditugu, koltxonetak, gauean bokata jana eta igandean Zumalekura irteera. Aurten eskolarekin batera eski irteera ere antolatu dugu Izabara eta azkena egindakoa, San Joan bezperako bokata jana eta sua izan dira».

Suaren azken txinpartak itzali aurretik, hasiak ziren bestetako lanak aurreratzen: «haur eta gurasoen bazkaria antolatzen dugu eta bazkariaren ondotik apar besta egiten da. Beste egun batean, haurren egunean, koltxonetak eta txu-txu trena ere antolatzen ditugu eta suzko zezena ere antolatzen dugu gauetan».

Kamisetak salgai

Ez da besten bueltan egin duten ekin- tza berezi bakarra. Herritarren soinean ere nabarituko da guraso elkartearen seinalea: «duela bi urte kamisetak egin genituen eta aurten berriz egitea pentsatu dugu familiek ordaintzen duten kuotaz gain, diru iturri interesgarria delako». Gainera, haurrei eman diete prozesuan parte hartzeko aukera: «kamisetan jartzeko marrazki bat behar genuen eta ikasleak ibili dira artista lanetan. Eskolarekin harremanetan jarri ginen eta haur guztiek izan dute beraien marrazkia egin eta aurkezteko aukera. Egindako lan guztien artetik, Aurkene Iturralderen marrazkia aukeratu dugu bestetako giroa ongi erakusten zuela pentsatu dugulako». Nahi duen orok eskura dezake orain kamiseta eta salmentatik lortuko duten dirua: «urtean zehar haurrentzat antolatzen diren ekitaldiak ordaintzeko erabiliko dugu». Ttikien aurpegietan irribarreak marraztu bidenabar, herriari bizia ematen segitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun