Bestak 2024

«Patinajeak esfortzu fisiko eta mental handia eskatzen du»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 31a, 12:00

Argazkia: Mariela Larraz.

20 urteko mutil gaztea da Iker Escalada, erizaintza ikasketak egiten ari dena. Antsoainen bizi bada ere, Beintza-Labaienen ditu erroak eta odol baztandarra ere badauka. Aitortu duenez, «Nafarroatik kanpo antsoaindarra naizela erraten dut, baina Nafarroan galdetzen didatenean, labaiendarra».

Kirola du zaletasun nagusia eta «edozein kirol» egitea gustatzen zaio, «txirrindularitza, adibidez». Hala ere, patinajean du bereziki arreta jarria, eta Txantreako taldean lehiatzen da gaur egun.

Gurpilen gainean

«Zazpi urte bete nituenean, gurasoek patin batzuk oparitu zizkidaten urtebetetzeko, eta eskolaz kanpoko kirol gisa apuntatu ninduten irristaketan». Geroztik ez dio patinatzeari utzi, eta «jolasek aspertzen nindutenez, talde lehiakor batean eman nuen izena».

Abiadura-patinajean aritzen da, modalitate luzeetan. «Kirol gogorra» dela azaldu du; «erresistentzia asko behar da, eta taldean mugitzen jakitea. Esfortzu fisikoa ezagutzen duten pertsona guziek badakite zer suposatzen duen, eta mentalki ere oso gogorra da». Gainera, «lehiaketan puntuazioa kontuan hartu behar da kanporatua ez izateko».

Etsi gabe ekin

Senior kategorian lehiatzen da gaur egun, Txantreako taldean, «talde oso langilea eta familiarra». Hainbat txapelketetan parte hartzeko aukera izan du, horien artean estatu mailan eta baita Europan ere. «Esperientzia ikaragarriak izan dira, nazioarteko maila oso altua da, baina asko disfrutatu dut eta sentsazio horiek errepikatzea espero dut».

«Txapelketak esperientzia ikaragarriak izan dira»

Kirola irakasle ona omen da, eta Escaladak ere asko ikasi du patinajearekin; «zerbait lortu nahi baldin baduzu esfortzu handia egin behar dela, eta lehenbizikoan lortzen ez baduzu, segitu eta segitu behar duzula lortu arte». 

Hala ere, dena ez da ona; «patinajeak denbora asko kentzen dit, eta ikasketak egiten ari naizenez, denbora ongi antolatu behar dut». Hori dela eta, «lehenik ikasketak bukatu nahi ditut eta gero kirolari denbora gehiago dedikatu nahiko nioke».

Bestetarako prest

Kirolariek ere atsedenaldiak behar dituzte, eta horretarako aukera ezin hobea izanen du herriko bestetan. «Gogotsu hartzen ditut Beintza-Labaiengo bestak, familiarekin bildu eta herriko jende guztia elkartzen garelakoz». 

Hain zuzen ere, horrek egiten diru berezi: «familiarekin lehenbiziko egunetik elkartzea bazkaltzeko, afaltzeko, herriko giroa, aizkora apustua, gazte bazkaria, herri kirolak… edozein adineko herritarrekin elkartzeko egunak dira».

«Herritar guztiak elkartzen gara bestetan»

Ttikitatik izan ditu bestak gustuko, eta hainbat oroitzapen ditu; «lehengusuekin elkartzen ginenean, herriak antolatzen zituen jarduerak, osabak petardoak erabiltzen erakutsi zidanean, atautxi eta amatxik paga ematen zidatenean…».

Gaur egun berriz, «herriko bazkaria da gehien gustatzen zaidan jarduera, denak elkartzen garelako eta giro oso ona sortzen delako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun