Ramon Latasa sariaren hogeita batgarren edizioa abuztuaren 11n jokatuko dute Sunbillako pilotalekuan 18:30ean hasita. Herri-kirolen jaialdi aparta izanen da aurtengoa ere, punta-puntako 26 kirolarik parte hartuko baitute. Garai bateko aizkolari onenak, eta momentuko emakumezko zein gizonezko aizkolari eta harri jasotzaile onenak ariko dira Sunbillan. Ramon Latasa aizkolari sunbildarraren omenez urtero jokatzen den binakako aizkolari lehiaketa da hau. 2002an jokatu zen lehen ekitaldia, eta 2022tik aitzinera, gizonezkoen lehiaketaz gain, emakumezkoena ere jokatzen da.
Lau bikote hauek ariko dira Ramon Latasaren oroimenezko sarian:
- Iker Vicente – Ibai Soroa
- Julen Alberdi Txikia IV – Ugaitz Mugerza
- Mikel Larrañaga – Hodei Ezpeleta Bihurri II
- Aitzol Atutxa - Eneko Otaño.
Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu.
Emakumeak hirugarrenez
Emakumeen Ramon Latasa sariaren hirugarren edizioa ere jokatuko da. Egungo emakumezko aizkolari onenak lehiatuko dira, eta gainera aurten hiru bikote ariko dira nor baino nor gehiago. Bikote bakoitzak 45 ontzako bortz enbor moztu beharko ditu.
- Nerea Arruti - Uxue Ansorregi
- Nerea Sorondo – Oihana Fernandez
- Karmele Gisasola – Laiene Pikabea
Nafarroa eta Gipuzkoako aizkolariak, belaunaldi arteko lehian
Ekitaldi berean, ikusleek Nafarroako eta Gipuzkoako bi belaunalditako aizkolarien arteko lehia ikusteko aukera izanen dute. Nafarroa ordezkatzen Donato Larretxea eta Antonio Jaunarena aizkolari beteranoak eta Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide aizkolari gazteak ariko dira, eta Gipuzkoa ordezkatzen Angel Arrospide, Jose Ugarteburu aizkolari beteranoak eta Igoin Pikabea eta Unai Etxeberria aizkolari gazteak. Talde bakoitzak 45 ontzako hamarna enbor moztu beharko ditu.
Harri-jasotzaileak bikoteka
Aizkoraz gain, harri-jasotzean ere izanen da lehia polita, punta-puntako harri-jasotzaileak nor baino nor arituko baitira bikoteka. Alde batetik, Aimar Irigoien eta Beñat Telleria, eta bertzetik, Mikel Lopetegi Urra eta Paulo Azpiazu. Bi minutuko hiru txanda eginen dituzte hiru harri erabiliz: 125 kiloko kopa, 150 kiloko errektangularra eta 125 kiloko bola.