San Fermin txapelketa elkarrekin irabazi berritan, oraingoan, Nafarroako Foru Komunitateko erremonte profesionaleko txapelketako lehen jardunaldian arerio izatea suertatuko zaie Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrei. Uztailaren 19an, ortziralean abiatuko da txapelketa Irurtzunen. Aurrelari beteranoak Agirrezabala izanen du lagun gibeleko koadroetan eta atzelari gazteak Matxin III.a aitzinean.
Txapelketako partidaren aitzinetik, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Baztan, sanferminetako promozio txapelketa irabazi berri duten Mikel Mikelarena oiztarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira.
Irurtzungo besten barrenean jokatuko da jaialdia Bi Aizpe pilotalekuan, ortziralean 19:00etan hasita, eta txapelketako guztiak bezala, ADANO elkartera bideratuko da sarreran bildutako dirua. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira.