Natalia Rekarte Donamariako alkateak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dioenez, «herrigunean zuntz optikoa zabaltzeko gastuak Wikai enpresak bere gain hartu ditu eta baserrietara eramateko gastuak, berriz, udalaren dirulaguntzarekin egin dituzte». Hori izan da Rekarteren hitzetan, «herritar guziek Internet izateko modu bakarra. Udalak lagundu izan ez balu, gure baserritarrak Internet zerbitzurik gabe gelditu izanen ziren».
Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planeko libreki zehazteko programatik hartutako dirulaguntza erabili du udalak. Kontatu duenez, «Wikai enpresak egindako inbertsioa 38.228 eurokoa izan da. Udalak 9.500 euroko ekarpena egin du eta gisa honetara, baserritarrek 200 euro ordaindu beharko dute beraien konexioa». Udalak «Wikaik egin duen apustua eskertu» nahi izan du.