1991. urtean sortu zuten Nafarroako Herri Kirol Federazioa. Ordura arte, plazetan jokatzen zituzten herri kirol txapelketa eta apustuak arautzea zen helburua: «beste kiroletan bezala arautegi baten barrenean aritzea». Donezteben ireki zuten lehenbiziko egoitza eta 1998ko urrian lekualdatu ziren Sunbillara. Hogeita sei urte egin dituzte bertan eta duela gutxi, Doneztebera bueltatu dira. Habia tokiz aldatu badute ere, argi dute zein den beraien apustua: «herri kirolak bizirik mantentzea».
Nola laburtuko zenukete urte hauetako jarduna?
Federazioan bertan, gorabehera ugari izan ditugu. Momentu txarrak izan dira. 2013an dirulaguntzak nabarmen murriztu zituzten eta geroztik ekonomikoki egoera larriak pasa izan ditugu. Urte batzuetan doi-doi biziraun du. Pandemia garaia ere ez zen batere erreza izan eta 2021eko uholdeak ere kolpe latza izan ziren. Oztopo guztien gainetik, ilusioz eta esperantzarekin aurrera egitea lortu dute eta horretarako ezinbestekoa izan da urte hauetan guztietan egon diren zuzendaritza batzordeetako kideek egindako lan boluntarioa.
Zenbat pertsona ari zarete federazioan lanean?
Langile bezala ni, Arantxa, bakarrik nago. Zuzendaritza batzordea bederatzi pertsonek osatzen dute eta boluntario moduan lanean ari dira: Jon Telletxea, Patxi Larretxea, Lander Sein, Irune Biurrun, Nerea Sorondo, Peio Kañamares, Pello Telletxea, Unai Bertiz eta Urko Gastearena.
Gaur egun zein da egoera?
Garai txarrak pasata, pixkanaka, ekonomikoki egonkortzen ari gara. Kirol aldetik ere kontent gaude. Nafarroako Kirol Jokoetan inoiz baino kirolari gehiago aritu dira aurten. Egia da Kirol Jokoetatik helduen txapelketetara salto haundia izaten dela eta aunitzek ez dutela jarraitzen, baina azken urteotan gazte mailakoentzat txapelketak antolatzen ere hasi gara eta poliki-poliki gazte gehiago animatzen ari dira. Hirugarren mailako Aizkolari Txapelketan hamahiru parte hartzaile izanen dira aurten eta horietatik asko oso gazteak dira. Hori seinale ona da. Hala ere, badira modalitate batzuk jendea animatzea gehiago kostatzen direnak: sega, lasto altxatzea… Orokorrean, adierazgarria da herri kirolek sortzen duten interesa. Nahiz eta landa eremu edo herri txikietara mugatutako lanetatik ateratako kirolak izan, hirietatik ere geroz eta parte hartzaile gehiago animatzen dira. Federazioaren erronka, orain arte bezala, kirol hauek mantentzen jarraitzea da eta ahalik eta hobekien egiten saiatzea.
Emakumeen parte hartzean ere izan da aldaketa?
Gauzak asko aldatu dira. Duela 20 urte lizentzia guztien %27a bakarrik ziren emakumeak eta 2023. urtean aldiz, %43a. Zentzu honetan datuak oso onak dira. Modalitate gehienetan emakumezkoen txapelketak antolatzen baditugu ere, badira batzuk antolatu ezin ditugunak, parte hartzaile faltagatik (harri jasotzea eta lasto altxatzea erraterako). Orokorrean uste dugu pozik egoteko motiboa badugula azken urteotan dauden fitxa kopuruak ikusita.
Hogeita sei urtez egon zarete Sunbillan.
Bai, eta elkarrizketa aprobetxatu nahiko genuke eskerrak emateko Sunbillako Udalari eta herritarrei, modu batean edo bertzean eman diguten laguntzagatik. Nabarmendu nahiko genuke 2021eko uholdeetan herritarrengandik jaso genuen laguntza. Federazioaren egoitza 26 urtez egon da bertan eta Juan Luis Altzugarai lokal horren nagusiari ere eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan guztietan eskaini digun laguntzagatik eta bere eskuzabaltasunagatik. Oso eskertuak gaude, benetan, beti prest egon delako laguntzeko.
Sunbillak lotura berezia du herri kirolekin?
Sunbillan beti egon da zaletasuna eta herri kirolek garrantzia handia dute bertan. Hiru aizkolari handi izan ditu herriak: Latasa, Arretxea eta Etxeberria. Unai Bertizek zazpi aldiz irabazi du Nafarroako harri jasotze txapelketa da eta bi aldiz gurdi altxatzekoa. Hainbat txapelketan aritu diren kirolari sunbildar gehiago ere badira. 90. hamarkadaren hasieran sokatira eta konbinatuko taldea ere bazuen Sunbillak eta talde honek txapela lortu zuen behin baino gehiagotan. Gaur egun herriko gazteek ere herri kirol saioak antolatzen dituzte bestetan eta azken bi urteetan Nafarroako Herriz Herri Txapelketan ere parte hartu dute eta ezin aipatu gabe utzi, urtero abuztuan antolatzen duten Ramon Latasa Saria.