Xanti Uterga profeta izan da bere herrian

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 08:00

Xanti Uterga eta Agirrezabala txapeldun, Zeberio II.a eta Saldias txapeldunorde, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatearekin eta bertze antolatzaile eta babesleekin batera.

Udaberriko erremonte txapelketako finala irabazi zuen ortziralean Donezteben, Agirrezabalarekin batera, Zeberio II.ari eta Saldiasi 35-23 irabazita

Nafarroako hamaika herritik igaro ondotik, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuak hartu zuen Udaberriko erremonte txapelketaren finala ekainaren 28an. Final handian, txapelketako partida guztiak nagusitasunez irabaziak zituzten Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Xanti Uterga doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra aritu ziren. Gorriak ziren faborito, baina finalean, Ezkurra pilotalekua bete zuten 500 zaleren aitzinean, Uterga eta Agirrezabala gailendu ziren (35-23), batez ere herriko aurrelariak emandako erakustaldiari esker. Hamalau tanto egin zituen Utergak.

Agirrezabala, Uterga, Saldias eta Zeberio II.a, finalaren aurkezpenean.

Finalaren hasieran pilota batzuk galdu zituen Zeberiok eta horrek bere konfiantzan eragin zuen. Saldiasek ere ez zuen bere egunik onena izan. Uterga, aldiz, jaun eta jabe izan zen, gibelera joz, bi paretakoak eginez eta pilotak txokoan goxo-goxo utziz. Mota guztietako tantoak egin zituen, hamalau denera. Inor ez omen da profeta bere herrian, baina Utergak ederki lortu zuen ortziralean Donezteben.

Utergak agindutako erritmoan jokatu zen Udaberriko erremonte txapelketako finala ortziralean Donezteben.

Jaialdia hasteko jokatu zen partidan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Ionek 30-27 irabazi zieten Matxin III.ari eta David Mitxeo doneztebarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun