Udaberriko erremonte txapelketako finala Donezteben jokatuko dute ekainaren 28an

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 27a, 12:00

Aimar Saldiaz oiztarra eta Xanti Uterga doneztebarra aurrez aurre izanen dira Doneztebeko finalean.

Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra eta Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala aurrez aurre izanen dira ortziralean 19:00etan hasiko den jaialdian

Nafarroako hamaika herritik igaro ondotik, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuak hartuko du Udaberriko erremonte txapelketaren finala ekainaren 28an, ortziralean 19:00etan hasiko den jaialdian. Final handian, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Xanti Uterga doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Jaialdia hasteko jokatuko den partidan, Matxin III.a eta David Mitxeo doneztebarra, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Ionen kontra ariko dira.

Txapelketa nola joan den ikusita, dagoeneko 50 urte beteak dituen Patxi Zeberio eta Aimar Saldias dira faborito, txapelketako partida guztiak irabazi baitituzte. Halere, ligaxkan ez dira Uterga eta Agirrezabalaren kontra aritu, orduan aurrelari doneztebarra min hartua zegoelako eta gibelean Barricart ari zelako oraindik. Beraz, Mikelarena eta Barricarten kontra aritu ziren Zeberio II.a eta atzelari oiztarra.

Beraz, final gogorra espero dute Doneztebeko besten barrenean jokatuko den jaialdian. Txapelketako bertze guztietan bezala, finaleko jaialdian biltzen den dirua ADANO elkartera zuzenduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun