Bestak 2024

«Txupinazoan sortzen den giroa berezia da»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 12:00

Maider Illarregi Belarra, Doneztebeko zinegotzia.

Sortzez irundarra den arren, betidanik doneztebarra sentitzen da Maider Illarregi Belarra. «Familia dena hemengoa dut, aita Oizkoa eta ama Donamariakoa», kontatu du, eta badira 25 urte Donezteben bizi denetik. Iaztik gainera, zinegotzia ere bada udalean, eta bestak antolatzeko lanean aritu da.

«Ikasketa haundi bat». Halaxe deskribatu du udalean zinegotzi gisa bizitzen ari den esperientzia. «Orain herrian egiten diren gauzen ikuspegi orokor bat dut, eta jendearekin gatazkarik gabeko harremanak izaten ikasten ari naiz», azaldu du. Kontatu duenez, aurkeztutako taldeak bultzatu zuen bera ere hautagai izatera: «Nire gusturako talde ezin hobea zen, eta sentitu nuen momentua zela». 

Geroztik, bestak antolatzeko lan taldean buru gisa ari da, eta sare sozialetan eta komunikazioan ere aritzen da, eta hirigintzako eta kulturako taldeetan ere badago. «Lanak taldeka egiten ditugu, baina astean bitan  elkartzen gara, eta bertan partekatzen dugu alor  bakoitza nola dagoen. Bilera horiek 2-3 ordukoak izaten dira». Taldeko bilera horiez harago, gainera, bakoitzak bere alorreko lanak egin behar izaten dituela azaldu du. «Zuk nahi adina lan bada, gainetik egin dezakezu, edo zuk nahi duzun arte sakondu. Sartzen diren ordu denak ongi etorriak dira».

Bestetako prestaketak

Azken aldian herriko bestak prestatzen ibili dira. Illarregiren kasuan, gainera, lehenengoz aritu da langintza horretan, iaz zinegotzi sartu orduko dena antolatua baitzen eta lan handi samarra dela aitortu du. Beren kasuan, musika taldeak kontratatu zituzten lehendabizi. «Otsail bukaerarako talde guztiak adostu genituen, hasieratik ez baduzu hori egiten gero gaizki ibiltzen ahal baitzara». Behin hori eginda, gainerako egitaraua azken urteetako programetakoa oinarri hartuta osatu dute.

Batez ere udaleko kideak aritu dira antolaketan, baina, azaldu duenez, herriko elkarteek ere aunitz laguntzen dute, eta «presentzia haundia» dute bestetan. Norbanakoen lana ere nabarmendu du: «Herritar boluntario pila bat aritzen dira aitzinetik antolakuntzan eta baita bestetako egunetan ere». 

Urteko bestatik gustukoenak

Herriko bestak urteko bestarik gustukoenak dira Illarregirentzat. «Gutti egoten naiz etxean, eta gehien disfrutatzen dudana da jendearekin egotea, eta zer giro eta umore on dagoen ikustea». Bestak hagitz maiteak baditu ere, nabaritu du zinegotzi denetik ardura handiagoa duela. «Bestak disfrutatzen dituzu, baina, beti duzu ardura pixka bat dena ongi atera dadin».

Maider Illarregi iazko bestetan dantzariei zapi gorria paratzen.

Aurtengoei dagokionez, aldaketa ttiki batzuk egin dituzte egitarauan: ohikoa baino egun bat lehenago hasiko dituzte, ekainaren 27an, ortzeguna. «Ortziralean kanpoko jende aunitz egoten da, eta bezpera ortzegunean eginda, herritarrentzako izanen da». Horrez gain, bestetako azken eguneko bazkaria autogestionatua izan beharrean, zerbitzatua izanen da aurten, «prezio merkean denek joateko aukera izateko».

Hala ere, bestetako programatik  aunitzen arreta deituko zuena ETS En Tol Sarmiento talde arabarraren kontzertua da. «Zerbait diferentea da, eta jende dezente etortzea espero dugu, horregatik Bear Zanan izanen da». Taldea ekarriz «amets bat» bete nahi izan dute: «Gazteei eta herriko hainbat laguni galdetu genien zer musika talde nahi zuten, eta lehenengoa zen ETS, eta ondoan paratu zten «hau amets bat da». Hori ikusteak bultzatu gintuen horretan lan egitera eta amets hori betetzen saiatzera, eta lortu dugu». Azaldu duenez, «esfortzu handia» izan da eta espero dute «jendearen harrerak konpentsatzea».

Txupinazoa gustukoen

Bestetako ekitaldi guztien artean gustukoena txupinazoa da Illarregirentzat. «Negar eta guzti egin izan dut», azaldu du. «Sortzen den giroa berezia da, lehen eguna da, jendea hagitz gogotsu egoten da». 
Aurten, gainera, behar duen inportantzia eman nahi izan diote txupinazoa botatzeaz arduratuko diren herritarrei. Ez du aurreratu nork botatuko duen, baina azaldu du bestetako aldizkarian emanen dutela horren berri. «Iruditzen zaigu bertzela ez zaiola behar den garrantzia ematen, eta azaltzen zergatik aukeratu dugun». Ohitura gisa mantendu nahiko lukete  jaurtitzailearen berri bestetako aldizkarian ematea.

Besten atarian, bertakoak zein  kanpotarrak Doneztebeko bestak disfrutatzera gonbidatu ditu Illarregik, baina denaren gainetik «errespetuzko harremanak» izateko eta gauzak «zaintzeko» eskatu du. «Ea ez dugun berriz erran beharrik». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun