Uhaldea moldatu bitartean mediku kontsulta eskolan dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 21a, 15:00

Uhaldeko beheko solairuan egokituko dute mediku kontsulta, baina lanek iraun bitartean, eskolan izanen da.

Zaharberritze lanak akitzen dituztenean, Uhaldeko behean izanen da kontsulta eta lehen solairuan udal bulegoak

Zubietako eskolan hasi dira mediku kontsulta pasatzen ekainaren 16tik aurrera. Mediku kontsulta eta udal bulegoak hartuko dituen Uhaldea zaharberritzeko lanak akitu bitartean, bertan izanen da. Ireki baino lehen, beharrezko azpiegiturak bertan jarri zituzten eta adinekoen eta zailtasunen bat duten erabiltzaileen irisgarritasuna errazteko, sarreran arrapala bat ere egin zuten.

Gogoratu behar da, gero, mediku kontsulta Uhaldeko beheko solairuan izanen dela eta udal bulegoak, berriz, lehen solairuan. Uhaldea, garai bateko sekretarioaren etxea zaharberritzeko lanak esleitu zituen udalak otsailaren 16an egindako udal batzarrean. Hiru eskaintza aurkeztu zituzten eta kontratazio mahaiak Elecnor servicios y proyectos SAU enpresak egindako eskaintza hautatu zuen, 258.777,96 euroko (gehi BEZa), kalitatearen eta prezioaren arteko oreka onena zuelakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun