[GUTUNA]: Aurtegoan ez da atea irekiko

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 22a, 11:00

Doneztebeko Joxe Irigoien eta Ainara Mariezkurrena gogoan, idatzi hau egin dute Mendi Abesbatzako kideek. Abesbatzaren izenean, Arantxa Ezkurrak sinatu du.

Kasik urtea joan da Doneztebe bortizki astindu zuen udatik. Hurbiletik zauritu gintuzten Fede, Joxe eta Ainararen heriotzek. Bereziki gogorrak azken bi hauek, haien gaztetasunaren tamainakoa izan baitzen ustekabea eta utzi zuten atsekabea.

Herriko alor guztietan sumatu dugu haien falta: kiroletan, eskolan, dantzan, txistuan... Eta baita abesbatzan ere. Abesten dugun kontzertuetan, beti gogoan ditugu hain hurbileko genituenak.

Sanpedroak ate joka. Besta alaiak izaten dira Doneztebekoak, ezbairik gabe. Baina aurtengoan ekitaldi guztiek orban nabarmena izanen dute, gehienon burutan Joxe eta Ainara egonen baitira uneoro. Zer erranik ez txistularien joaldietan, Errekaren dantza emanaldian edota Trapatan Dantzan. Haien sustatzaile, parte hartzaile, laguntzaile ziren biak ala biak.

Mendi Abesbatzako kideek atsekabez ikusiko dugu aurten ez dela atea irekiko. Azken urteetan abesbatzako kide ez bazen ere, beti hurbilean genuen Joxe eta sanpedroetan faltarik gabe bisita egiten zigun. Meza nagusia hasita zegoela, Donezteben hain maitatua den Hilarión Eslavaren Tu es Petrus ederraren aitzinetik koruko atera hurbildu eta berezkoa zuen alaitasunaz gurekin abesteko baimena eskatuko zuen Joxek, halakorik behar ez zuela ongi jakin arren. Eta hantxe sumatzen genituen bere kantua, poztasuna, gizatasuna, konpainia ezin gozagarriagoak.

Ainara eta Joxe, gogoan, besta zoriontsuak opa dizkizuegu doneztebarrei eta bertaratzen zaretenoi, jakin bai baitakigu udan zeruari gehitu zitzaizkion bi izarrak begira izanen ditugula.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun