Josu Arrieta

«Lasaitasuna eta asetasuna ematen dit sorkuntzak»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 22a, 10:00

Arrieta erdian sari banaketa ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Enrique Davila BBK Fundazioaren ordezkariarekin.

Josu ARRIETA SARRATEA, RM Azkue Literatura Sarietako irabazlea

Euskaltzaindiaren 2023ko Resurrección Maria Azkue Literatur Sarietan, 14 eta 17 urte bitartekoen kategorian, lehenbiziko saria lortu du Elgorriagako gazteak, narrazioan.

«Lagunekin denbora pasatzea, mendira joatea, musika aditzea eta idaztea gustatzen zaion 18 urteko gaztea» dela erranez aurkeztu du bere burua Josu Arrieta Sarrateak (Elgorriaga, 2006). Hain zuzen, azken zaletasun horrek, idazteak, ireki dio Euskaltzaindiaren 2023ko Resurreccion Maria Azkue Literatura Sarietan irabazle izateko atea. Guztira 374 lan aurkeztu dituzte, eta 14 eta 17 urte bitartekoen kategorian, Elgorriagako gaztearen Itaxura lana izan da irabazle narrazioan. Epaimahaiak bere lanaren estiloa nabarmendu du,  «fineziaz eta naturarekiko konparazio ederrez egindako kontakizuna» izan dela erran du, eta «estiloan du bereizgarri aparta, topikokerietatik urrun betiere». Horrekin batera, «gizarteko gai latzetako bat gordintasunez bezainbeste poetikotasunez» landu duela azpimarratu du.

Literatur lehiaketa batean parte hartu duzun lehenbiziko aldia izan da?

Bai, eta tankera honetako lan bat idazten dudan lehenbiziko aldia ere bai. Euskarako irakasleak lehiaketa honetan parte hartzen ahal genuela jakinarazi zigunean, aukera ona iruditu zitzaidan nire gaitasunak zein diren ikusteko eta, aldi berean, ikasteko. Gainera, irakaslea bere garaian ere saritua izan zela jakin nuenean, are erakargarriagoa iruditu zitzaidan.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Alde batetik, lana idazteko momentuari dagokionez, neure burua hausnarketa sakonean sartu nuen eta gogoratzen zitzaidana paperera pasatzea josteta gisa hartu nuen, erronka bat bezala. Bertzetik, saria hartzerakoan harro sentitu nintzen, aipatutako erronka hori gainditu izan banu bezala.

Nolako lana da Itaxura?

Erran bezala, hausnarketara eraman nauen lana izan da, eta bertan kontatzen ditudan hainbat momentu edo egoera nik bizitako bertze egoera batzuen paralelo sentitu ditut. Bertzeren batean hala ez bada, egoera horretan ni nola sentituko nintzatekeen ere imajinatu dut. Kontatu nahi izan dudanari erreparatuz, lausoagoa den gaia da, lehenbiziko irakurraldian entenditzen ahal denetik haratago baitoa. 

«Istorioa estilo intimistan eta poetikoan lantzea nuen helburu»

Josu ARRIETA SARRATEA
Zergatik tratu txarren gaia?

Ez zait aunitz gustatzen galdera, izan ere, nik ere ez bainuen argi zein gairi buruz aritu. Istorioa estilo intimistan eta poetikoan lantzea nuen nik helburu, eta ia istorioa akitzear nuenean erabaki nuen tratu txarren gaian ardaztea. Dena den, hau batez ere pertsonaiaren sentimenduei arrazoia bilatzera behartua sentituta erabaki nuen, baina aipatu dudan moduan, sentimenduetan zentratu nahi nuen eta ez haien eragileetan.

Gaiaz idaztea erraza izan da?

Horrelako gaiez aritzea ez da inoiz erraza izaten, baina nire helburu nagusia haiek salatzea, kritikatzea edo dena delakoa ez zenez, aiseago egin dut.

Epaimahaiak zure lanaren estiloa nabarmendu du, eta halako gai bat «gordintasunez bezainbeste poetikotasunez» landu duzula ere adierazi. Zer sentitu duzu?

Nik nabarmendu nahi nuena epaimahaiak nabarmendu izateak lasaitu nau, horrek kezkatzen baininduen. Estilo poetikoa ahalik eta gehien integratzen saiatu nintzen, protagonistaren sentimenduak naturan eta bereziki niretako hagitz garrantzitsua den elementu botaniko batean islatzera ailegatzeraino. Beraz, gozagarria izan da.

Espero zenuen lehiaketan saritua izatea?

Zerbait aurkezten nuen lehenbiziko lehiaketa izanik, ez nuen itxaropen handirik. Euskal Herri mailako lehiaketa zenez, bertze hainbat gazte gailenduko zitzaizkidala uste nuen, eta hala ez izatea sorpresa polita izan da. Gainera, irabazi nuela berez jakinarazi beharko luketena baino dezente beranduago egin zuten, eta ordurako erabat asimilatua nuen ez nintzela saritua izan.

Izenburua azalduko zeniguke?

Istorioaren izenburua kontakizunean metaforikoki pare bat aldiz erabilitako kontzeptua da. Itaxura definizioz, hauxe da: «Itogina; teilatu hegaletik behera erortzen den ura». Itaxurak beti arazo gisa identifikatu izan ditugu. Nik ere, bidezidor horretatik segitu dut, eta kasu honetan protagonistak jasandako guziaren isla da. Arazo hauek, itaxurak bezala, handi edo ttiki izan daitezke. Hala ere, konpontzen ahal dira eta horretarako itxaropena eman nahi izan dut narrazioaren bukaeran mezu hori gordez.

«Hausnarketarako balio didan tresna da niretako idaztea, aurkitu nuenetik arrunt erabilgarria»

Josu ARRIETA SARRATEA

Nondik eta noiztik datorkizu idazteko afizioa?

Idaztearena ariketa pertsonal gisa hasi nuen duela pare bat urte, batez ere autoezagutzarako baliatu nuena. Hausnartzeko balio didan tresna da niretako, eta aurkitu nuenetik arrunt erabilgarria zait. Horregatik, hain zuzen ere, tonu intimista erabiltzea da errazena niretako.

Idazteko erraz moldatzen zara? 

Gustuko dudan zerbait izanik, bai, ongi moldatzen naiz. Hala ere, lantzen ditudan gaiak zein diren kontuan hartuta, nire idazteko prozesua motela da. Honek ez du erran nahi erraz moldatzen ez naizenik, nire ustez erraztasuna ez baitago abiadurarekin loturik. Estiloari dagokionez, poetikoa da gehien gustatzen zaidana, hauxe baita mintzairarekin jostatzea gehien ahalbidetzen duena.

Zer ematen dizu sortzeak eta idazteak?

Lasaitasuna eta asetasuna ematen didan ekintza da sorkuntzarena. Neure buruarekin konexio berezia sorrarazten dit, eta etengabe ikasteko aukera ematen dit.

«Egin didaten errekonozimendua honetan segitzeko bulkada izan da»

Josu ARRIETA SARRATEA

Sari honek gehiago idazteko motibatuko ote zaitu?

Azkue sarietan egin didaten errekonozimendua, dudarik gabe, honetan segitzeko bulkada izan da. Ilusio handia egin dit, eta ilusio horretan bizitzen segitzeko ezinbertzekoa izanen dut honetan segitzea. 

Bigarren Batxilergoa akitu berria duzu. Etorkizunera begira zer asmo dituzu?

Oraintxe bertan, selektibitatea eginda, etapa honi amaiera ona ematea dut epe motzean helburu. Ondotik, irailean, Gasteizen Euskal Ikasketak egiten hastea gustatuko litzaidake. Dena den, bitartean udaz gozatzea tokatzen zait eta hari ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatuko naiz.

Zerbait gaineratu nahiko zenuke?

Orain arte nirekin egon diren lagun, kide, senide eta gainerako guziei eskerrak eman nahiko nizkieke guztiagatik, ez bakarrik literaturaren arloari dagokionez, baita bertze guztiagatik ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun