Igandean eginen dute Donezteben Herri Krosaren 44. edizioa

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 15:00

Iazko krosean parte hartu zutenen emakumezkoen podiuma.

Erreka Kirol elkarteak Doneztebeko Krosa antolatu du iganderako, ekainaren 23rako. Zortzi kategoriatan ariko dira lasterkariak eta hainbat sari emanen dituzte. Izen ematea dagoeneko ireki dute.

10:30ean hasiko da proba haurren lasterketekin. Ordu honetan aterako dira maila berezikoak (75m), aurrebenjaminak (420m), benjaminak (420m), alebinak (820m) eta infantilak (1.220m). Parte hartzaileek egunean berean edo aitzinetik eman beharko dute izena galdetegi hau betez, eta proba egitea debalde izanen da.

11:30ean hasiko dira aldiz lasterketa nagusiak: kadeteak (1.825m), jubenilak (3.650 metro), eta seniorren lasterketa motza (3.650 metro) eta luzea (7.300 metro). Azken honetan, hiru lehenbiziko gizon eta emakumeentzat 150na, 90na eta 60na euroko sariak izanen dira. Herriko onenek urdaiazpikoa izanen dute saritzat.

Izen ematea galdetegi honen bidez egin daiteke edo egunean bertan irteera puntuan 8 euroren truke. Hale ere, Internet bidez egitea gomendatu dute, kontua arinago joateko. Helduen lasterketan izen emateko aukera igandean itxiko dute 11:00etan.

Maila nagusiko sariez aparte, gainerakoei trofeoak emanen dizkiete.

Erreka Kirol elkarteak antolatu du proba Doneztebeko Udalaren eta La Caixaren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun