Javier Ibarra

«Gero eta guttiago gara eta zerbait egiteko premia handia da»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 16a, 10:00

Javier Ibarra Irazoki sunbildarrak duela 12 urte sortu zuen eraikuntza enpresa.

Lana badela dio Javier Ibarra Eraikuntzak enpresako Javier Ibarra Irazokik, baina langileak falta dira.

«Etxebizitzak, zaharberritzeak, teilatuak, komunak, sukaldeak, lurzoruak, harri lanak...», orokorrean «mota guzietako eraikuntza lanak» egiten dituzte Javier Ibarraren enpresan. «Ttikitatik gustuko» izan duen lanbidearen aldeko apustua egin zuen; eta «obra zibilean hasi, eta hortik eraikuntzara» egin zuen salto. Duela hamabi urte sortu zuen enpresa eta sei langile dira gaur egun. Lana badela aitortu du, «bada klase guzietako lana gainera; lan ttikiak, handiak, kanpokoa zein barrenekoa». 

«Lan faltarik ez», baina langile falta bai. Hori da panorama orokorra. «Arazo handia» dela dio Ibarrak: «Pertsona kualifikatuak eta ez kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak ditugu». Ez omen da oraingo kontua: «Urte batzuk daramatzagu arazoarekin eta gehiagora doa».

Langile faltaren gibelean arrazoi bat baino gehiago izaten ahal direla uste du. Batetik, formazio zentro baten beharra nabarmendu du: «Eraikuntza sektorean, gure alderdian zehazki, formazio zentro baten falta izaten ahal da arrazoietako bat. Gazteei zerbitzua ematen duten lanpostuetan formatzeko aukera eman behar diegu. Izan ere, eskuragarri ez badaude, ezinezkoa izanen dugu sektorera erakartzea». Eta beretako, «gazteak sektorera erakarri behar ditugu: formatzeko eskola hurbil, lanbidea zehaztasun gehiagorekin ezagutzera eman...».

«Lan baldintzen inguruan sektoreak duen etiketak ez du laguntzen»

Bertzetik, «lan baldintzen inguruan sektoreak duen etiketa» aipatu du: «Ordutegi zatitua, kanpoan lan, esfortzu fisikoa... Horrek ez du laguntzen». Horren harira, «eraikuntza mundua hobetu» dela esplikatu du eta beraiek ere «egoerara egokitu» dira: «Gaur egun baliabide mekanikoak ditugu  lan fisikoan laguntzeko», eta gisa berean, «langile faltak egokitzapena eskatzen du eta gure enpresan kontziliazio baldintzak, ordutegi aldetik sartzeko eta ateratzeko malgutasuna, ortzirale arratsaldeak libre, hitzarmenak ezarritako ordainketak gainetik... ditugu». 

Etorkizunari begira jarrita, zerbait egiteko beharraz aritu da: «Gero eta guttiago garela iruditzen zait eta eraikuntzan ari direnen bana bertzeko adina altua da. Zerbait egiteko premia handia da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun