Pablo Elizondo

«Ofizio hauek ikasten dituen gazte gutti dago»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 15a, 12:00

Pablo Elizondo doneztebarraren familian bi negozio dituzte.

«Langileak harrapatzeko zailtasuna hagitz arazo larria eta orokorra dela uste dut». Halaxe mintzatu da Doneztebeko Talleres Santestebanek eta Doneztebe gasolindegiko Pablo Elizondo Gelbenzu doneztebarra. Eta gehiago ere erran du: «Edozein enpresarekin solastatzen bazara, sektorea edozein izanda ere, gauza bera aipatuko dizute».

Badaki zertaz ari den, horixe baitute etxean egoera. Bi negozio dituzte Elizondoren familian: Alde batetik, «1974an sortu zen Talleres Santesteban, tailer mekanikoa eta Renault eta Dacia marken agentzia ofiziala». Eta bertze aldetik, «1998an irekitako Doneztebe Gasolindegia dugu, hasiera batean independentea izan zen eta ondotik, Avia markaren barrenean hasi ginen». 

Negozio bateko eta bertzeko egoera diferentea dela onartu du Elizondok eta «bi enpresak desberdindu» nahi izan ditu: «Gasolindegian lan egiteko profila segur aski orokorragoa da eta pixka bat errazagoa da langileak bilatzea». Asteburuetan izaten omen dituzte zailtasunik handienak: «Gasolindegia asteburuetan irekitzen dugu eta hori oztopo haundi samarra da, batez ere gazteendako». Hala ere, «azken bi urteotan langile berriak bilatzea» tokatu zaiela aipatu du, «aitzinekoak jubilatu zirelako». Eta kontent dira hutsuneak betetzea lortu dutelako: «Doneztebekoak bertakoak harrapatu ditugu, horietako bat emakumea, eta alde horretatik arrunt kontent gaude». 

Tailerrean, ordea, bertzelako martxa dute, eta gaineratu duenez, «puskaz zailagoa» da langileak harrapatzea: «Horrelako ofizioak ikasten dituen gazte gutti dago. Mekanikan gutti dira eta txapan eta pinturan oraindik guttiago». Horregatik, hain zuzen, lanbideari «etorkizun ilun samarra» ikusten diola adierazi du doneztebarrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun