Abesbatzen Astea eginen dute Donezteben asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 14a, 10:00

Larunbateko emanaldian bi kanta kantatuko ditu Mendik Burgosko San Esteban Ganbara Abesbatzarekin batera.

Koru musika izanen da asteburuko protagonistetako bat Donezteben. Lehenengoz Abesbatzen Astea antolatu dute Mendi Abesbatzak, Nafarroako Abesbatzen elkarteak eta Doneztebeko parrokiak udalaren laguntzarekin.

Larunbatean, ekainaren 15ean Burgosko San Esteban Ganbara Abesbatzak emanen du emanaldia elizan 20:30ean. César Zumelen zuzendaritzapean, hainbat estilo eta garaitako obrak interpretatuko dituzte, gehien bat errenazimendu garaikoak.

Kontzertua Mendi eta San Esteban Abesbatzak egindako elkartrukearen ondorioa da, eta horregatik kontzertuko azken bi kantak bi abesbatzek elkarrekin kantatuko dituzte.

Biharamunean, ekainaren 16an, kontzertu erabat diferenteaz gozatzeko aukera izanen da. Iruñeko Alaikapela Gospel Abesbatzako kideak izanen dira elizan 18:00etan hasita. Daniel Amatriain zuzendari dutela, aitzinako esklaboen kantu espiritualak kantatuko dituzte.

Bi kontzertuak debalde izanen dira, eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte bertaratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun