Malerrekan guraso talde bat bildu gara, Haur eskoletako aurreiskripzioen ondotik familia aunitzetako ttikiak kanpoan gelditu direla eta, gure kexa, haserrea eta inpotentzia adierazteko.
Duela aste pare bat, haur eskolen aurrematrikula eta onartuen zerrenda argitaratzean, 32 haurretatik 16 plazarik gabe gelditu dira, beraien eskualdeko haur eskola bakarrean sartzeko aukerarik gabe.
Orduan, zer eginen dugu 16 haur horien gurasook?
-
Batzuk (ahal dutenek, noski) eszedentzia edo baimena eskatu beharko dute etxean gelditu ahal izateko. Bertze batzuk (hauek ere, posible dutenek) amatxi-atautxiekin utzi edo norbait kontratatu.
-
Eszedentzia hartu ezin dutenek inguruko eskualdeko haur eskoletan egin beharko dute matrikula (Lesaka, Bera, Elizondo...), kontutan hartuz ttikiek egunero 30 km-ko joan-etorria egin beharko dutela N-121 errepidean, bertan dagoen trafiko eta horrek suposatzen duen arriskuarekin. Goizero lehenago ernatu beharko dutela eta etxera ere beranduago itzuli.
Horri gehitu behar zaio, haur eskola horietan sartzeko aukerak ere hagitz murritzak direla.
Hau al da etxeko ttikiek merezi dutena?
Ez al dute eskubiderik beraien eskualdeko haur eskola bakarrean onartuak izateko?
Duela hilabete batzuk, Hezkuntza Departamenduaren ahotik, jakin zen Haur Hezkuntzako etapan 0-3 zikloa doan izanen zela. Itxaropentsu gisa azaldu zuten berri horrek, ordea, ez du gauza onik ekarri.
Jakina zen hori eskainita aurrematrikulak goiti eginen zutela, eta ez da horri erantzuteko nahiko baliabide paratu. Ondorioz, hainbat eta hainbat familiatako haurrak kanpoan gelditu dira.
Gainera, ez da gauza bera gertatzen Iruñean, non haur eskola bat baino gehiago dauden; edo hemen Malerrekan, eskualde osoan haur eskola bakarra dagoen. Kanpoan geldituz gero, aukerarik gabe gelditzen gara.
Ez al da garaia Malerrekako haur ttikien eta hauen familien beharrak asetzeko, kalitatezko zerbitzuak eta baliabideak paratuz?
Hau al da familia gazteak haurrak izatera animatzeko eta jaiotze tasa igotzeko modua? Oztopo gehiago paratuz?
Aurten, gure ttikiak izan dira kaltetuak, baina ez dugu hau nahi hurrengo belaunaldietarako. Horregatik, irtenbide bat eskatzen dugu.
Zuen erantzunaren zain, adeitasunez,
Malerrekako guraso talde bat.