Niko Mindegiak Frantziako Tolosan jokatuko du datozen bi denboraldietan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 5a, 17:00

Ibilbide oparoa izaten ari da Niko Mindegia doneztebarra eskubaloian.

Poloniako Wisla Plock taldean bortz urte arrakastatsu egin ondotik, etxetik hurbilago jokatuko du Niko Mindegia Elizaga, 35 urteko eskubaloi jokalari doneztebarrak. Frantziako Starliguen jokatzen duen Fenix Toulouse Handball  taldearekin fitxa egin du datozen bi denboralditarako.

Poloniako Wisla Ploc taldean lau titulu lortu ditu Mindegiak, azken biak, Poloniako kopa eta superliga aurten. Europa Ligak finalista izan da bitan (2020-21 eta 2021-22) eta Txapeldunen Ligako final laurdenetara ailegatu zen 2022-23 denboraldian. Gainera, bakarka, Niko Mindegia hirutan izendatu dute Poloniako ligako erdiko jokalari onena

Ez da Mindegiaren lehen esperientzia Frantziako ligan. Chambéry Savoie taldearekin Frantziako Kopa irabazi zuen 2019an. «Azken denboraldi honen hasieran garbi nuen, Wisla Plocken segituko nuela edo Frantziako ligara itzuliko nintzela. Gustura nengoen Wislan, kontratua berritzeko eskaintza ere izan dut, baina Frantziara itzuli nahi nuen».

Errekako harrobian hazia, Niko Mindegia Portland San Antonio, Helvetia Anaitasuna, La Rioja (Espainia), Pick Szegen (Hungaria), Kolding (Danimarka), Chambéry (Frantzia) eta Wisla Plock (Polonia) aritu da, berriz ere Frantziako Tolosako taldearekin fitxa sinatu aitzinetik. Espainiako selekzioarekin Europako txapelketan zilarrezko domina ere lortu zuen Mindegiak 2016an.

Fenix Toulouse taldeak laugarren postuan akitu du Frantziako liga, kopako finalerdietara ailegatu da eta Europan konpetituko du datorren denboraldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun