Ortzirale arratsaldean haurren eskubaloi partidak jokatu zituzten, eta arratsean mus txapelketa jokatu zuten Santa Luzia plazan. Javi Apeztegia eta Fermins Estangak irabazi zuten, Asier Arozenaren eta Iñigo Belarraren kontra finala jokatuta.
Larunbatean ere kirola izan zen protagonista. Eguraldiagatik, bizikletaz egitekoa zuten itzulia bertan behera utzi bazuten ere, gainerako ekitaldiak normaltasunez egin zituzten. Kiroldegian eskubaloi erakustaldia egin zuten haurrek, eta baita judokoa ere. Frontoian, aldiz, herriarteko pilota txapelketa jokatu zuten Errekakoek.
Arratsaldean izan zuen segida bestak helduen eskubaloi partidarekin. Gainera, urte aunitzez kiroldegian lanean aritu den eta aurten erretiroa hartuko duen Rosario Erasuni omenaldia egin zioten urte aunitzez elkartea laguntzen egindako lanagatik.
Afariaren aitzinetik emakumezkoen eta gizonezkoen senior taldeetako jokalari onenak saritu zituzten. Herri bozketa egin dute, eta irabazleak Andrea Zabala PiKabea eta Luis Miguel Apezetxea Lizaso izan dira. Bere taldekideek ere omenaldia egin zioten Apezetxeari.
300 lagun inguru elkartu ziren afaltzeko, eta afaria bukatzean izan zen eguneko momentu hunkigarrienetako bat: elkarteko bazkide ziren eta iaz hil ziren Ainara Marizkurrena eta Joxe Irigoien omendu zituzten.
Eguna borobiltzeko, erromeria izan zen eta goizaldera arte luzatu zen besta.