Errekaren Eguna ospatuko dute asteburuan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 29a, 19:00

Egun haundia larunbatean izanen bada ere, ortziralean hasiko dira ospakizunak eskubaloi partidekin eta mus txapelketarekin.

Testua: Oier Zulaika

Kopa irabazi eta ospakizuna bukatuta, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean ospatuko dute XVI. Errekaren Eguna prestatzen murgilduta dago Erreka Kirol Elkartea. Errekak antolatu du egitaraua udalaren eta Gazte Burrunbaren laguntzarekin.

Maiatzaren 31n, ortziralea, hasiko da egitaraua. 17:00etan hasita, aurrebenjaminak eta benjaminak eskubaloian ariko dira kiroldegian. Ondotik, parte hartzaileentzat merienda izanen dute. 22:00etan, berriz, Santa Luzia plazan mus txapelketa jokatuko dute. Sari ederrak izanen dituzte, gainera. Irabazleek 300 euro eta txapela lortuko dituzte, eta bigarren sailkatuek 100 euro. Izen ematea han bertan egin beharko da, bikote bakoitzak 10 euro ordainduta.

Larunbatean izanen du segida bestak. Goizean, Malerrekari bizikletaz buelta emateko geldituak ziren, baina eguraldi iragarpena dela eta, bertan behera gelditu da irteera.

09:15ean kiroldegian elkartuko dira eta eskubaloian ariko dira infantiletako, alebinetako eta kadeteetako neskak eta mutilak. Ondotik, 12:15ean Errekako judo eskolako ikasleen erakustaldia izanen da, eta akitzean hamaiketakoa izanen da kirolarientzat.

17:00etan izanen du kirol bestak segida, eskubaloiko lauko finala jokatuko baitute senior neskek, mutilek eta jokalari ohiek. Tartean Erreka Dantza Taldearen emanaldia izanen da eta ondotik zozketak eginen dituzte kiroldegian bertan.

Asteburu osoan herriarteko pilota txapelketako partidak ere izanen Ezkurra pilotalekuan. Asteburua borobiltzeko, 21:00etan herri afaria izanen dute Santa Luzia plazan eta ondotik Trikidantz eta DJ J&J ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun