Josu Arrieta elgorriagarra irabazle 2023ko R.M. Azkue Literatura Sarietan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 29a, 15:00

Guztira 374 lan aurkeztu dituzte 2023ko Resurrección Maria Azkue Literatura Sarietara, eta 14 eta 17 urte bitartekoen kategorian, Elgorriagako Josu Arrieta Sarratea izan da irabazle narrazioan.

Lekarozko BHIn ari den Elgorriagako gazteak Itaxura lanarekin irabazi du lehenbiziko saria, eta epaileek «finezia eta naturarekiko konparazio ederrez egindako kontakizuna» izan dela nabarmendu dute. Tratu txarren gaia hartu du hizpide, «baina estiloan du bereizgarri aparta, topikokerietatik urruti betiere». Horrekin batera, honela gaineratu du epaimahaiak: «Gure gizarteko gai latzetako bat gordintasunez bezainbertze poetikotasunez itzultzen dio irakurleari, pentsa dezan, hunki dadin».

Joan den ortziralean, maiatzaren 24an, egin zuten sari banaketa ekitaldia Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, epaimahaikideekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Enrique Davila BBK Fundazioaren ordezkariak parte hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun