Saldiasko adinekoak omendu dituzte Malerrekako Egunean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 27a, 10:00

Mus txapelketako finalean, Eratsungo Mari Juaneneak eta Juan Telletxeak irabazi zieten Sunbillako Pattere Galtzagorri eta Nieves Biurrarenari eta heldu den urteko lekukoa Beintza-Labaienek hartu du. Argazkiak: Alicia del Castillo eta utzitakoak

2012. urtean Zubietan ospatu zen lehendabiziko edizioaz geroztik, Malerrekako Eguna urteroko hitzordua bihurtu da eskualdeko herritarrentzat. Aurten, Saldiasi egokitu zaio besta hau antolatzea. Hala, Malerrekako Mankomunitateak egun osorako egitaraua prestatu zuen larunbat honetan ospatu den egun berezi honetarako. Eguraldi ona lagun izan zuten egun osoan eta horrek herritarren parte hartze eta umore onean eragin du.

Goizetik eman zioten hasiera gazteek ospakizun egunari. Izan ere, Zubietatik Saldiasera mendi martxa egin zuten. Herrietako ordezkariak elkartu ziren Saldiasko plazan eta Saldiasko Udalak herriko 80 urtetik gorako bizilagunak omendu zituen: Fermin Ezkurra Otxandorena, Martin Urrutia Grajirena, María Angelines Nebreda Zazo eta Joxe Mitxeo Baleztena, beste lau falta ziren.

Ekitaldi honen ondotik, Malerrekako musikariak herrian barna ibili ziren giroa alaitzen. Artisauen eta talogileen postuez gozatzeko aukera ere izan zen. Goizak aurrera egin ahala, Saldiasen bildutako jende kopuruak ere nabarmen egin zuen gora.

Aizkoran Jexux Etxeberria eta Jon Telletxea garaile; musean, Eratsungo Juan Telletxea eta Mari Juanenea senar-emazteak txapeldun

Doneztebe, Ituren eta Sunbillako dantzarien saioa eta buruhandien kalejira izan zuten. Horretaz gain, aizkora apustua egin zuten Jexux Etxeberriak eta Jon Telletxeak Jazinto Etxekonanea eta Manolo Kañamaresen kontra, lehenbizikoak irabazle. Eguerdian, paella jatea baino lehenago, joaldunak herritik ibili ziren. Arratsaldean, Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatu zuten Doneztebeko eta Sunbillako ordezkariek. Azkenean, Eratsungo Juan Telletxea eta Mari Juanenea senar-emazteak nagusitu zitzaizkien. Sunbillako Pattere Galtzagorri. Finala jokatzen zuten bitartean, Maddi Ane Txoperenak eta Alazne Untxalok bertso saioa eskaini zuten eta gero DJ J&Jk musikaz alaitu zuen giroa. Aldi berean, haurrek jokoez, tailerrez, meriendaz eta buruhandiez gozatu zuen.

 

2025ekoa Beintza-Labaienen

Eguna akitzeko, zozketa egin zuten lehenik eta hauek izan ziren saridunak: 1. Zenbakia 2.644 (erreserbakoa, , 2651); bigarren zenbakia 0300 (erreserbakoa 0302) eta hirugarren zenbakia 2.120 (erreserbakoa 2.205). Mus txapelketako sari banaketaz gain, bestaren lekukoa banatzeko ekitaldia egin zen. Hala, Beintza-Labaieni egokituko zaio heldu den urteko Malerrekako Eguna antolatzea. Azkenik, afari eder batekin eman zioten bukaera egunari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun